Hamazazpi musika taldek joko dute gaur eta bihar Bernedo Eneako karpan. Gaur 22:00etan hasiko da jaialdia, bihar 19:00etan. Dohainik dira kontzertu guztiak.
Bernedo Eneako aparkalekuan jarri dituzte bi karpa handi.
Goierriko eta Gipuzkoako gazteentzat erreferente bilakatu den asteburua iritsi da. Zazpigarren Jazpana Fest musika jaialdia gaur, 22:00etan, hasiko da. Musika alternatiboaren joera berriez gozatzeko eskainiko du aurten ere Beasaingo musika jaialdiak. Hainbat estilotako eta jatorritako hamazazpi musika talde elkartuko dira Bernedo Eneako aparkalekuan jarritako karpa erraldoian. Herriko bi talde gonbidatu dituzte aurtengo ediziorako: Colapso eta Mammut&The Palmeras Stuc. Bi egunetako saioak beasaindarren musikarekin hasiko dira. Dohainik dira kontzertu guztiak.
Colapso, biniloa eskuan
Jazpana Festeko antolatzaileak behin baino gehiagotan saiatu dira Beasaingo Colapso taldea gonbidatzen. Orain arte, ezezkoa izan da taldearen erantzuna, baina aurten, Gizakiaren bukaera diskoa esku artean dutela, Bernedo Eneako karpako oholtza gainera igoko dira beasaindarrak. Eneko Etxeberriak, Julen Merak eta Asier Galanek osatzen dute Colapso. Urduri baina pozik daude Jazpanan jotzeko. Kezka bat ere badute: «Guretzat eskenatoki handiegia da Jazpanakoa. Eskenatoki txikiagoetan eta umilagoetan jo izan dugu orain arte». Beraiek egiten duten musika estiloak, hardcore bizkorrak, Jazpanan lekurik ote duten ere ez daude ziur. «Gure estiloa ez da oso normala, ez da asko entzuten».
2008an lehenengo kontzertua Beasaingo festetan, txosnetan jo zuten. 2010ean maketa bat grabatu zuten eta orain, Gizakiaren bukaera diskoa kaleratu dute, binilo formatuan. «Garbi geneukan biniloa aterako genuela».
Idiazabalgo Alberto Intxarekin grabatu dituzte kantuak; hamar guztira. Euskaraz eta gazteleraz abesten dute. 10 euroan jarri dute salgai Beasaingo Irizar eta Xuber tabernetan. Jotzen dituzten kontzertuetan ere erosteko aukera izango da.
Interneta erakusleiho ona izan da eta da Colapsorentzat. Hori bai, «kanpoko jende gehiago interesatu da. Diskoa ateratzeko dirua Txileko, Alemaniako, Alacanteko eta Madrilgo bost zigiluk jarri dute. Bilboko batek kolaboratu egin du», argitu dute. Indonesiako mutil bati esker, munduko 22 herrialdetako taldeen kantuz osatutako diskoan ere sartu dute Colapso.
Hamazazpi talde
Ostirala 23:
- 22:00. Colapso (Beasain).
- 22:40. Sacco (Irun, Gipuzkoa).
- 23:25. Borrokan (Bera, Nafarroa).
- 00:15. The Connection Feat. The New Trocaderos (Portsmouth, Erresuma Batua).
- 01:20. The Unfinished Sympathy (Bartzelona, Herrialde katalanak).
- 02:35. Bullet Proof Lovers (Donostia, Gipuzkoa).
- 03:30. DJ Göo (Iruñea, Nafarroa).
Larunbata 24:
- 19:00. Mammut&The Palmeras Stuc (Beasain).
- 19:45. Everybody Here Wants You (Ordizia).
- 20:40. Señores (Bilbo, Bizkaia).
- 21:35. Anari (Azkoitia, Gipuzkoa).
- 22:55. Mourn (Bartzelona, Herrialde katalanak).
- 23:50. Joseba B: Lnoir Gang (Bera, Nafarroa).
- 00:55. Girls Names (Belfast, Ipar Irlanda).
- 01:50. Rural Zombies (Zestoa, Gipuzkoa).
- 02:50. Mendetz (Bartzelona, Herrialde Katalanak).
- 04:00. Tutu&Lucient Dj set (Bartzelona, Herrialde Katalanak).