Goierriko Urrup konpainiaren 'Figuranteen matxinada' antzezlana, gaur Lazkaon
Lazkaoko Areria antzokian antzerkia izango da, gaur gauean. Bailarako talde esanguratsuenak, Urrup-ek, Figuranteen matxinada lana jokatuko du. Ordiziako Euskal Jaietan egin zuten estreinaldia, irailean, eta Lazkaora joango dira gaur.
Ikuskizuna 22:00etan hasiko da, Arerian. Sarrerak hango txarteldegian salduko dituzte, lehentxeagotik.
Goierriko hamalau aktorek osatzen dute antzezle taldea. Rosa Rojo dute zuzendari. 2015-16 denboraldirako Jose Sanchis Sinisterraren Los figurantes obra egokitu dute.
Figuranteen matxinada komedia da. Antzerki munduan girotua, betelana egiteaz aspertu diren figuranteen arteko gora-beherak kontatzen ditu.