Zegaman bigarren Cava Festa egingo dute hilaren 30 eta 31n
Zegamako Udalak eta herriko 8 elkartek antolatuta, II. Cava Festa egingo dute Zegaman, datorren asteko asteburuan. Zortzi cava mota ezberdin probatzeko aukera izango da, eta laguntzeko, Kalitatez Goren etiketako jakiak izango dituzte. Txartelak pilotalekuan jarriko dituzte salgai, eta ostiralean nahiz larunbatean ere izango da erosteko aukera.
Iaz egin zuten aurreneko Cava Festa, eta egitasmoak izandako “harrera ona” ikusita, berriz egitea erabaki dute. Izaskun Igoa kultura zinegotziaren hitzetan, “Zegamak Sant Sadurni d’Anoiarekin duen anaikidetza erlazioa” dela eta hasi ziren bertako cava ezagutzeko jardunaldiak egiten. Aurten ere, zortzi etxetako edaria probatzeko aukera izango da, denak ere “kalitate handikoak”.
Igoak azaldu duenez, autobus zerbitzu berezia ere jarriko dute bi egun horietarako. Zaldibiatik abiatuta, Ordizian eta Beasaien geldituko da. Bueltan berriz, goizaldeko 01:55ean abiatuko da Zegamatik.
Udalaz gain, Amezti elkarteak, Orkatz abesbatzak, Elkartu Nahi txirrindulari taldeak, Tartaloetxek, Gazte Erexak, Jubilatu elkarteak, Karraztarro ehiza elkarteak eta Kasino elkarteak parte hartu dute antolaketa lanetan. Denen izenean, laren 30 eta 31n Zegamara etortzeko deia egin dute.