Argazkia: Ainhoa Muriel
Hirugarrenean ere ezin. Ampo Ordiziak etxean jokatutako hirugarren partida galdu du, oraingoan, Madrilgo Cisneros taldearen kontra. Emaitza aurrekoak baino estuagoa izan zen, eta ordiziarrek aurre egin zioten bisitariari, baina azkenean, 13-16 galdu zuten.
Lehen minutuetatik aldapa gora jarri zen partida etxekoentzat, 0-9ko partzialarekin. O’Donellen entseguari eta Rusten kolpeari esker 7-9 gerturatu ziren, atsedenaren aurretik. Bueltakoan, Rusten drop batek aurretik jarri zituen ordiziarrak; baina segidan etorri zen madrildarren erantzuna, entsegu batekin. Partida bukatzear zela etxekoek markagailua lortzeko aukera izan zuten, baina ez zuten asmatu; azkenean, emaitza Cisnerosen aldekoa (13-16) izan zen.
Ampo Ordiziak maila ona erakutsi zuen, baina garbi gelditu zen joko aldetik badela zer hobetua oraindik. Garaipenik ezean, defentsako bonusarekin konformatu behar izan dute. Sailkapeneko 7. postuan dago orain, 12 punturekin. Datorren asteburuan, euskal derbia izango dute Bizkaian, Gernikaren kontra.