Anari, larunbateko saioan.
Beasaingo Jazpana Fest jaialdiaren antolatzaileak «oso pozik» agertu dira aurtengo jaialdiarekin, bi egunetan 2.000 lagun inguru bildu baitira Bernedoenean. Jaialdi rural postmodernoak zazpigarren edizioa izan du aurten eta kontzertuak «oso jendetsuak» izan direla diote, batez ere larunbatekoak.
Ostiralean hasi zituzten kontzertuak, eta besteak beste, The Unfinished Simpathy, Bullet Proof Lovers edota The Connection taldeak igo ziren eskenatokira. Larunbatean berriz, Anari, Joseba B. Lenoir eta Mourn taldeak izan ziren, eta Mendetz laukote katalanaren saioarekin jo zuen goia.
Food truck-en arrakasta
Aurtengo berrikuntzetako bat, kontzertu gunean bertan afaltzeko aukera izan da. Food Truck edo janari kamioien aldeko apustua egin dute horretarako, eta formula horrek «arrakasta handia» izan duela diote antolatzaileek. «Jende askok zo- riondu egin gaitu ideia hori dela eta».
Jazpana Kultur Elkartean zortzi lagun aritzen dira urtean zehar, jaialdia antolatzeko lanean. Horrez gain, ordea, asteburuan «dena behar den bezala ateratzeko» euren borondatez lanean aritu diren 60 lagunen lana azpimarratu eta eskertu nahi izan dute.