Iñaki Apalategik igandean hasiko du Ormaiztegin Gipuzkoako bertso txapelketako bidea
Azkeneko Gipuzkoako bertso txapelketan finalista izan zen beasaindarra. Zubipe pilotalekuan izango da saioa, 17:30ean. Finaleko eguna abenduaren 19ra aurreratu dute
Txapelketari begira zein sentipen duen galdera bi hitzekin erantzun du Apalategik: «Tentsioa eta irrika». Txapelketan hain berandu hastea abantaila da beasaindarraren ustez: «Ni azaroan hasiko naiz eta beste batzuk apiriletik ari dira. Asko, parte hartzaileen ia bi herena, gainera, dagoeneko txapelketetatik kanpo daude». Saioz saio, aurrera egitea du helburu Apalategik. «Momentuz helburua, igandeko saioan aurrera egitea da. Eta aurrera pasatuz gero ere berdin».Ormaiztegiko saioa irabazten duena zuzenean sailkatuko da finalerdietara. Momentuz, Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik lortu dute final erdietarako zuzeneko txartela. Bost saioetako irabazleekin batera, beste hamahiru bertsolarik puntuazioaren arabera izango dute txapelketan aurrera egiteko aukera. Lehia horretan, Apalategiz gain, Nerea Elustondo eta Amaia Iturrioz goierritarrak daude. Hiru finalerdiko saio jokatuko dira, abenduaren 19ko finalistak erabakitzeko. Madrilgo hauteskundeak direla eta, finaleko data egun bat aurreratu dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsozale.eus webgunean.