Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegiak irabazi du Ordizia Txapeldun lehiaketa
Gaur eguerdian Ordizia Txapeldun lehiaketa jokatu dute Ordiziako plazan. Lehiaketa honetan Euskal Jaietako azken hamar txapelketak irabazi dituzten gaztagileek parte hartzen dute. Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegiko Puy Arrieta eta Jon Etxebarria nagusitu dira. Ez dute Urrezko Gazta irabazi, horretarako gazta irabazleak 8,5 puntu lortu behar baititu. Bizkaitarren gaztak 8,29 puntu eskuratu ditu. Ipiñaburukoek aurten eta 2012an irabazi dute Euskal Jaietako gazta txapelketa ospetsua.
Gaurko bigarren eta hirugarren sariak Elgoibarko Mausitxa gaztandegikoek irabazi dituzte. Epaimahaian pertsona ezagunek parte hartu dute, tartean Jose Mari Goenaga zine zuzendari ordiziarrak. Bestalde, plazan bildutakoek artisauen produktuak erosteko eta gazta eta ardoa dastatzeko aukera eduki dute. Izan ere, Arabar Errioxako ardo azoka ere egon da.