Errehabilitaziorako robotei buruzko bilera
Estatu espainiarreko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) sei lagun Goierri garaian egon dira gaur. Neuro-errehabilitazio robotiko arloan lan egiten duten enpresekin elkartu dira eta UGLE lanbide eskola bisitatu dute. Bisita
Estatu espainiarreko Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) sei lagun Goierri garaian egon dira gaur. Neuro-errehabilitazio robotiko arloan lan egiten duten enpresekin elkartu dira eta UGLE lanbide eskola bisitatu dute. Bisita hau Urola Garaia Mankomunitateak arlo soziosanitarioaren alde egindako apustuaren barne egin dute.
Goierri garaian arlo horretan lan egiten duten bi enpresa daude. Bi enpresa hauek Uggasa garapen agentziaren laguntzarekin sortu dituzte eta Urretxuko Mugitegi industrialdeko Sortzen enpresa haztegian lan egiten dute. Rehub Health enpresa ArmAssist sistema garatzen ari da, Tecnalia Research&Innovation ikerkuntza, garapen eta berrikuntza zentroarekin batera. Sistema honen xedea besoen errehabilitazioan laguntzea da.
Arlo honetan lan egiten duen beste enpresa Gogoa Mobility Robots da. Mugikortasuna hobetzeko eta lesioen errehabilitazioa lantzeko sistemak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzeko sortu dute enpresa hau. Horretarako, Goierri garaiko ahalmen, ezagutza eta teknologia erabili nahi ditu. Enpresa honek, CSICek eta Uggasak hitzarmen bat sinatu dute. Horren arabera, Gogoak CSICek diseinatutako errobotak fabrikatuko ditu.
Horri buruz hitz egiteko elkartu dira gaur, hain zuzen ere. Bileran Plasnor, Isae, Expo Laser eta Met-Meka enpresetako kideek ere parte hartu dute. Izan ere, enpresa hauek errobotaren fabrikazioan kolaboratzeko asmoa azaldu dute. Bileraren ondoren, CSICeko sei lagunak UGLE lanbide eskolara joan dira. Ikastetxeko arduradunek ortoprotesika arloan egiten ari diren lanaren berri ematen diete.