Ordiziako jokalariak atsedenaldian, zelaiaren erdian. ORE
Gorabehera handiekin hasi du liga denboraldia Ampo Ordiziak, eta orain arte, Altamiran baino emaitza hobeak lortu ditu etxetik kanpo. Hala gertatu da azkeneko bi asteburuetan ere; etxean galdu eta gero, etxetik kanpo irabazi egin baitute.
Gernika zuten atzokoan arerio, Bizkaian jokatutako euskal derbian. Wade Kellyren mutilek bazekiten bizkaitarrak momentu onean daudela, Santboianari irabazi eta gero. Baina indarrean atera ziren Ampokoak, eta aurreneko minutuan, Dani Aizpunek entsegua lortu zuen, gero Rustek gauzatuko zuena. Markagailua ez zen askorik mugitu lehen zatian zehar, eta zigor kolpe bana lortu zuten bi taldeek, atsedenera 3-10ekoarekin joanda.
Haserako indarra galdu zutela ikusita, atsedenaldian zelaian gelditzeko eskatu zien Kellyk jokalariei. Haren hitzek efektua izan zuten nonbait, eta bigarren zatia hasi eta berehala. Alvarez de Eulatek beste entsegu bat egin zuen. Dena alde zutela zirudienean, epaileak Joan Tudela kanporatu zuen; baina hala ere, etxekoek ez zuten aldea aprobetxatzen jakin. Imanol Aldanondok ordiziarren hirugarren entsegua lortu zuen. Gernikarrek erreakzionatu beste bi entsegu egin zituzten gero, 17-24ko emaitzara gerturatuz. Baina partidaren azken zatian, Rustaren kolpe batek eta Joussefen entseguak erabakita utzi zuten lehia. 40. minutuan, Gonzalezek etxekoen azken entsegua egin zuen, baina aldea handiegia zen ordurako.
Bukaeran, 22-32, garaipen garrantzitsua ordiziarrentzat. Baina garaipena ez ezik, bost puntu bilduta etorri dira etxera ordiziarrak, erasoko bonusa ere lortu baitute. Sailkapeneko 6. postuan kokatu dira horrela. Hurrengo lehia etxean izango dute, pisu handiko beste arerio baten kontra: VRAC Quesos Entrepinares. Azken garaipen honek lagunduta, ordea, etxeko bolada txarra hausten saiatuko dira.