Erabakitzeko eskubidea hondakin bilketan ez aplikatzea leporatu dio EAJk EH Bilduri Legorretan
Legorretako EAJk aurreko ostegunean aurkeztu zuen udalbatzarrean hondakin bilketari buruzko galdeketa eskatzeko mozioa. Ez zen onartu —EH Bilduk gehiengo osoa dauka—, eta gaur jarrera hori kritikatu du alderdi jeltzaleak, esanez EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean defendatzen duen aurkakoa egin duela udalean, “herri kontsulta ukatuz”. “Beste behin ere, Legorretako EH Bilduk, lau haizetara herritarron erabakitzeko eskubidearen aldarria zabaltzen duen arren, herritarren ahotsa isilarazi nahi du, eta udal ordezkariei muzin eginez, herri kontsulta bat egiteari ateak itxi dizkio”, azaldu du ohar batean, gaur.
EAJk gogoratu du, aste honetan EH Bilduk Ahalduntze Lege proposamena aurkeztu duela Legebiltzarrean. Han “herritarrei bizitzaren arlo guztietan hitza eta erabakia
emateko” eskatzen duten bitartean, eguneroko jardunean EH Bilduren asmo hori “komunikabideei eta hauteskundeei berako jokabidea” dela deitoratu du EAJk, “Legorretan, agintean daudenean, herritarrei erabakitzeko eskubidea ukatzen baitie”. AHTri buruzko galdeketa “azkar asko” antolatu zutela oroitarazi du, “beraiek errefusatzen zuten proiektuari buruz”.
Bestetik, ohar berean, gogorarazi du atez ateko hondakin bilketa sistemaren aurka —modu hori dago indarrean, 2013tik— 555 herritarren sinadurak jaso zirela. EAJk, orain, kontsulta loteslea eskatu du mozioan.