Azaroko lehen azoka eguraldi bikainez eta produktuz emankor hasi da. Aurreneko arkumeak pisatu dira, eta lekale aukera zabala ere iritsi da
![Maria Luisa Mendizabal eta Vicente Muñoz, Extremadurako oliba freskoekin.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/11/Ordiziako_feria__Extremadu.jpg)
Maria Luisa Mendizabal eta Vicente Muñoz, Extremadurako oliba freskoekin.
Ekoizlea bera zuzenean saltze lanetan ikustea handitzen ari den joera da, Ordizian bertan azkenik hasitako batzuk lekuko: Joseba Baez (behi gazta), Jon Etxeberria (eztia), Juan Carlos Costa (laranja) eta atzoz geroztik Yolanda Vicente. Pobes herritik dator (Arabako Erriberagoitia) eta lekale ekoizlea da: garbantzu edo txitxirio, dilista eta babarrun mota dezente ditu; txuriak hiru mota, gorria eta beltza. Euskal Baserri zigiluarekin komertzializatzen ditu produktuak, berea eta bertan ekoitzia dela ziurtatuz.
Berezitasun gisa, erraz egosten dela. «
Guk ez ditugu ureztatzen. Gutxiago ematen dute, baina kalitatez hobeak dira, azala finagoa dute», dio Vicentek. Prezioari lotuta, berriz, 4,8 euro kiloa dilista eta garbantzuak, eta babarrun txuri eta gorriak, berriz, 7-8 artean. Beltzak Tolosakoaren pareko prezioa du eta arrazoia ere eman digu. «Eskuz bildu eta aletzen ditugu, gainerakoen bihi edo alea berriz makinaz bereizten da, trillarekin». Sagar mota berri bat ekarri zuen Idiazabalgo Kalbarioko Amaiak, Fuji izenekoa: «Sagar dultzea da, gordina jateko oso ona eta urtsua zukuetarako ere erabili ohi da». Errezila berriz oraindik ere ezer asko ez.
Arkume garaia hasi da
Azaroarekin batera lehen arkumeak pisatu dira –5 guztira– eta artzainek denboraldi guztirako gustura sinatuko luketen prezioan:
5 euro kiloa bizirik pisatuta. Aurrerago, Garsabik emandako etxez etxeko arkume salmentaren berri ere emango dugu.
Extremadurako olibak
Azeituna freskoak erostea ez da nahikoa, gero nola prestatu ere jakin egin behar da. Eta jakitate horren jabe dira oliba lurraldean bere jatorria dutenek bereziki, «Extremadura eta Andaluziako jendeak erosi ohi du batez ere, 5-6 kilo, eta urtekoa egiten dute horrekin, beharren arabera aldiro prestatuz», adierazi dute postuaz udaz geroztik arduratzen diren Maria Luisa Mendizabalek eta Vicente Muñozek, familia tradizioa segituz orain arteko Juani eta Teori txanda hartuz. Manzanila motakoa da, Cacereskoa, 2,20 euroan kiloa.