RAP musikaren, antzerkiaren, zinearen edota serigrafiaren bidez landuko dute berdintasuna gazteekin .Izena emateko udaleko Berdintasun Sailera jo behar da
![en el tubo](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/11/en-el-tubo.jpg)
Indarkeria sexistaren aurkako nazioarteko eguna jomugan hartuta, Ordiziako Udaleko Berdintasun Sailak egitarau betea antolatu du azarorako. Aurten, batez ere gazteei begira jartzea erabaki dute, eta hauek «ahalduntzeko tailerrak» prestatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, RAP musikaren, zinearen, antzerkiaren edota serigrafiaren bidez landuko dute berdintasunaren gaia.
Nerea Loron Furia RAP abeslari nafarrak emango du aurreneko tailerra. Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta Musikoterapia irakaslea da, eta tailer horretan, «jendartean normalizatuta dauden mekanismo sexistak identifikatzeko tresnak» landuko ditu gaztetxoekin. Zortzi orduko saioa izango da eta hilaren 21ean egingo dute, goizez eta arratsaldez.
Azaroaren 28 eta 29ko asteburuan berriz, antzerkiaren bidez landuko dute berdintasuna, Generoa: Maskara Jokoa tailerrarekin. Saioa bi egunetan banatuko dute, larunbat eta igande arratsaldean, eta Gaztelekuan izango da. Tailerra mixtoa da eta neska-mutilei zuzenduta dago.
Azkenik, data zehazteke badago ere, Zinea ahalduntzeko tresna gisa tailerra ere egingo dute, Miriam Herbonen eskutik.
Tailerrak elkarlanean
Gazteei zuzendutako saio horiez gain, beste elkarte edo talde batzuekin elkarlanean antolatutakoak ere egingo dituzte. Hala, Ordiziako emakume etorkinen espazio multikulturalak antolatutako Indarkeriarik gabeko bizitzaren alde izeneko tailerra ere egingo dute, bihar hasita, azaroko lau ostiraletan. Haurralde fundazioarekin elkarlanean, berriz, Indarkeriak zintzilik egitasmoa antolatu dute. Indarkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko leloak dituzten kamisetak egin eta zintzilikatuko dituzte herriko balkoietan.
Saio horietan parte hartu edo informazio gehiago jaso nahi duenak, Ordiziako Berdintasun Sailera jo dezake, 943 80 56 10 telefono zenbakira deituta, edota kaltuna@ordizia.eus helbidera mezu bat bidalita.
TAILERREN EGITARAUA
· Azaroak 6, 13, 20 eta 27. Indarkeriarik gabeko bizitzaren alde tailerra, Ordiziako emakume etorkinen espazio multikulturalak antolatuta. Saioak 17:00etan izango dira, Barrenan.
· Azaroak 19-20. Beldur Barik serigrafia tailerra. 19an Jakintzako ikasleak eta 20an Oianguren institutukoak.
· Azaroak 21. RAP feminista tailerra neskentzat, Furia abeslariaren eskutik. Goizez eta arratsaldez, Zuhaizti zentroan.
· Azaroak 25. Indarkeria sexistaren inguruan kontzientziatzeko Haurralde elkarteak antolatutako Indarkeriak zintzilik egitasmoa. Leloak dituzten kamisetak zintzilikatuko dira.
· Azaroak 28-29. Generoa: Maskara jokoa berdintasuna lantzeko antzerki tailerra egingo dute, Gaztelekuan.
· Data zehazteke. Zinea ahalduntze tresna gisa, Miriam Herbonek emango duen saioa.