Euskal Herriko Trantsizio garaiaren erakusketa gaur irekiko du Beneditarren Fundazioak, Lazkaoko kultur etxean
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak Euskal Herria Trantsizio garaian. Hauteskundeak eta erreferendumak 1976-1980 erakusketa zabalduko du, gaur arratsaldean, Lazkaon. Kultur etxeko erakusketa-gelan atondo dute dokumentazio guneko funtsekin osatutako bilduma: afixak, eskuorriak, paskinak, deialdiak, hauteskunde-propaganda eta 1970eko hamarkadako aldaketa soziopolitikoaren erakusgarri diren agiriak jarri dituzte.
Batetik, 1976tik 1980ra bitartean izan ziren zortzi hauteskundeen informazioa dago, aretoaren erdiko erakusmahaietan egokituta. Erreforma politikorako erreferendumetik hasi (1976), eta Eusko Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak arte (1980).
Bestetik, gizarteko hainbat arlotako afixak zintzilikatu dituzte, 1970 ingurukoa zaharrena, eta 1982koa azkena: euskal kultura, euskara, Deia eta Egin sortu zituztenekoak (1977), auzo elkarteen mugimendua, Lemoiz, mugimendu ekologistaren eta feministaren sorrerak, langileena, errepresioa…
Erakusketaren irekiera ekitaldia gaur (osteguna, azaroak 5) 19:00etan egingo dute, gonbidatuen eta herritarren aurrean. Erakusketa bera 17:00etan zabalduko dute. Azaroaren 20ra arte ikusi ahalko da, Lazkaoko kultur etxeko erakusketa-aretoan, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era.