Legorretako EH Bilduk EAJri erantzun dio ezezkoa mozioari eman ziotela, "ez galdeketa bati"
Legorretako udalbatzarrean aurreko ostegunean EAJk aurkeztu zuen hondakin bilketaren mozioaren harira, eta alderdi jeltzaleak atzo egindako adierazpenei erantzunez, EH Bilduk salatu du jeltzaleen asmoa “liskarra eragitea” zela, “ez hondakin bilketaren egoera hobetzea”. Udal gobernuak “ez onartzeko moduko” testua aurkeztea izan zen EAJren “estrategia”, EH Bilduren iritziz; “eta ondoren hedabideetara jo, gezurra ahotan”. EAJk herritarren artean zatiketa eragiten jarraitu nahi duela deitoratu du koalizioak; “horrek mesede egingo diolakoan. Herri guztiari ari da kalte egiten, ordea”, dio EH Bilduk.
Prentsa ohar batean, Legorretako Udalean agintean dagoen EH Bilduk dio galdeketa ez dela helburua, “tresna” baizik. “Uste dugu gauza asko argitu behar direla aurretik: zer galdetu behar da? Eztabaida atez atekoa edo bosgarren edukiontzia da, beste aukerarik gabe?”. Gaur astebeteko udalbatzarrean, ezekoa “mozio horri” esan ziotela argitu du EH Bilduk, “ez galdeketa bati”.
Bestetik, bilketaren helburuak kontuan ez hartzea egotzi dio EAJri. Gaur egun Legorretan bereizita biltzen den hondakin tasa %70ekoa dela gogorarazi du EH Bilduk, Goierriko beste herri batzuetan %45, 48 edo 49 den bitartean. “Hori nahi dute Legorretan?”, galdetu die koalizioak jeltzaleei. Mozioan “arauaren aurkako herritarren jokabidea” aipatzean, “herritar gutxi batzuen jokabidea hondakinak lurrean uztea” dela erantzun du EH Bilduk. Horri buruz EAJk proposamenik ba ote duen ere galdetu du.
Azkenik, EH Bilduren helburua “egoera hobetzea” dela dio oharrak, eta horretarako bidea ez dela “liskarra bilatzen duten mozioak aurkeztea, gezurrez jositako oharrak zabaltzea eta jendea nahastea” gaineratu du. “Gu prest gaude egoera aztertzeko, hitz egiteko eta erabakiak hartzeko. Adostasuna delako gure helburua. Hori eskaini genion EAJri osoko bilkuran, eta ez zuten aurkako iritzirik azaldu zinegotziek. Orain, ordea, oharra irakurrita, badirudi nahiago dutela liskarra eragitea herritarren artean, egoera hobetzeko adostasuna lortzea baino”, bukatu du EH Bilduk.