Etorkizun oparoko hiru gaztek, elitean dauden bi kirolarik eta herriko kirol elkartetan bolondres lanak egiten dituzten lau legazpiarrek udalak emandako oroigarria jaso dute
Atzean, Imaz eta Galvez zinegotziak Olabide alkatearekin; erdian, Madina, Altolagirre, Iraeta, Belokiren ama, Puente eta Iztueta; makurtuta, Mugerza, Paredes eta Odriozola.
Herriko kirola izan da arratsaldeko protagonista Legazpin. Udalak, kirolari nabarmenenak eta kirolaren alde borondatezko lana egiten duten herritarrak omendu ditu Kultur Etxeko areto nagusian egin den ekitaldian. Jende ugari hurbildu da Kultur Etxera, eta txaloak nagusitu dira omendu bakoitzak udalak eman dien oroigarria jaso duenean. Koldobike Olabide alkatea,
Etorkizun oparoko kirolariak izan dira oroigarria jasotzen lehenak: Jon Odriozola jiu jitsu borrokalaria, Asier Iztueta eskubaloi jokalaria eta Urko Beloki futbolaria, azken honek bertaratzerik izan ez badu ere; bere ordez oroigarria bere amak jaso du. Odriozolak Espainiako Kopa irabazi du azken bi urteetan eta Europako txapelketan parte hartzeko txartela lortu du. Iztuetak, berriz, Legazpiko La Salle taldean hasi zuen bere kirol ibilbidea eta aurten Amenabar-Zarautz taldearekin fitxatu du; gainera, Euskadiko selekzioarekin ere jokatzen du eta Espainiako txapelketa irabazi zuen. Belokik, azkenik, Realaren kadete taldean jokatzen du.
Eliteko kirolarien txanda etorri da ondoren. Irene Paredes futbolaria eta Mikel Mugerza eskubaloi jokalaria izan dira omenduak. Paredesek Athleticen jokatzen du, lehen mailan eta aurten, Kanadan jokatu den Munduko Kopan parte hartu du, Espainiako selekzioarekin. Mugerzak, bestalde, La Sallen hasi zuen bere kirol ibilbidea eta Herrialde Katalanetako Granollers talde mitikoan jokatu du, egun, Asobal ligako Huesca taldean jokatzen badu ere.
Amaitzeko, Legazpiko Udalak kirolaren alde borondatezko lana egin duten lau legazpiar ere omendu ditu: Migel Altolagirre, Juan Antonio Puente, Javier Iraeta eta Markos Madina. Altolagirrek Ilintxa futbol taldean egiten du lan, Puentek La Salle eskubaloi taldean eta Iraetak Andraitz saskibaloi taldean. Madina, berriz,, herriko bolari beteranoena da.
Udalaren aldetik, Koldo Olabide alkatea, Iñigo Imaz kirol zinegotzia eta Erik Galvez gazteria zinegotzia izan dira ekitaldian, Pello Garmendia kirol teknikariarekin batera.