Musikaren kide bati agurra
Amaia Apaolaza musika managerra omenduko dute igandean Ordizian, jaialdi handi batekin. Euskal musikagintzako izen ezagun ugarik parte hartuko dute.
Ekitaldi berezia izango da. Ez dakit Euskal Herrian inoiz hainbeste musikari elkartu diren pertsona bategatik» Ines Osinaga (Gose taldeko kidea)Oso estilo ezberdinetako musikari eta taldeak bilduko ditu Ordiziako emanaldiak. Osinagaren arabera, bakoitzak bere bidea du eta ez dira askotan elkartzen. Kasu honetan ordea, «Amaia da lotzen gaituena, eta berak elkartu gaitu». Ordiziakoa ekitaldi «berezia» izango dela uste du. «Ez dakit Euskal Herrian inoiz hainbeste musikari elkartu diren pertsona bategatik». Apaolazarekin lan egin zuen jendeaz gain, berarekin harreman estua izan zuen jendea ere elkartuko da. «Saiatuko gara berarekin harremana izan zuen jende ezberdinari ahotsa ematen». Ekitaldian zehar «momentu politak eta hunkigarriak» izango direla aurreratu du, eta ziur da «malkoren bat edo beste» botako duela, «baina baita irribarre batekin» agurtuko dutela ere. Amaia Apaolazaren eredua jarraituz antolatu nahi izan dute jaialdia. «Ez gara bera bezain organizatuak, gu askoz desastreagoak gara, baina seguru gaude bere gustukoa izango dela, berak egingo lukeen bezala egiten saiatu garelako». Saioa doakoa izango da, baina bertara joaten direnek «laguntzeko modua» izango dutela azaldu du, oroigarriak eta bestelako materiala salgai jarriko baitute plazan bertan. Izaera handiko emakumea Amaia Apaolaza ezagutu zutenek badakite izaera handiko pertsona zela, bizia eta eskuartean zituen proiektuetan asko inplikatzen zena. Musikarekin lotura estua izan zuen betidanik. Jaiotzez olaberritarra zen Apaolaza. Gaztetan hasi zen musika ikasketekin; akordeoi jotzaile eta irakasle izan zen gerora. Hainbat musikariren manager moduan hasi zen lanean gero, eta Akeita enpresa sortu eta zuzendu zuen. Pasa den uztailean hil zen, gaitz batek jota. 49 urte zituen. Albistea jakin zutenean, «denontzat kolpe handia» izan zela azaldu du Ines Osinagak, «pilare handi bat baitzen gure bizitzan eta gure karreretan». Ohiko manager bat baino gehiago, «beste taldekide bat» zen Gose taldekoentzat; «asko inplikatzen zen eta denoi pilak jartzen zizkigun». Izaera handiko emakumea zela gogoratzen du Osinagak, baina «era berean oso goxoa, sentsibilitate handikoa». Lankide baino gehiago, «kide moduan» ikusten zutela dio. Igandean, musikarekin egingo diote azken agurra Amaia Apaolazari. Haren lankide eta lagunek, emanaldi berezia eta hunkigarria antolatu dute, eta musika zaleentzat ere, euskal musikagintzaren izen handiak elkarrekin ikusteko aukera ona izango da. KONTZERTUA:
- Eguna. Igandea, azaroak 8.
- Ordua. 19:30ean hasita.
- Tokia. Ordiziako plaza.
- Taldeak. Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Esne Beltza, Joseba Tapia, Gose, Niña Coyote eta Chico Tornado.
- Parte-hartzeak. Xabier Muñoz, Iñaki Murua, Kaotiko, Arkada Social, Betagarri, eta abar.