Karguan 16 urte egin eta gero utzi du ardura udaberrian, Pedro Perezi erreleboa emanez
Gurutze Gorriak Zumarragako udaletxeko areto nagusia hartu du gaur, eguerdian erakunde honetako Gipuzkoako lehendakari ohi Enrique Samaniegori egindako omenaldiaren aitzakiarekin. Samaniego, Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakari izan da 16 urte jarraian, eta aurtengo udaberrian utzi du kargua Pedro Perezi erreleboa emateko. Perez bera, eta Euskadi zein Estatu mailako ordezkariak izan dira Mikel Serrano alkate zumarragarrak gidatu duen ekitaldian, tartean Espainiako lehendakari orde den Javier Jimeno. Gurutze Gorriko Urretxu-Zumarragako delegazioko kideak ere izan dira omenaldian. Udaletxeko areto nagusia jendez gainezka egon da.
Serrano alkateak eta Gurutze Gorriko Espainiako lehendakari orde Jimenok hartu dute hitza lehenik eta hurrenez-hurren erakunde honek Enrique Samaniegori egindako omenaldian. Gurutze Gorriaren historia, filosofia, funtzioa, antolaketa eta boluntarioen lana eta hauek kobratzen duten emozio-soldata izan dituzte hizpide, besteak beste. Ondoren, Serranok bi oroigarri eman dizkio Samaniegori, Gurutze Gorriaren eta Zumarragako udalerriaren izenean: Gurutze Gorriaren printzipioak jasotzen dituen lamina eta Vicente Larrearen eskultura.
Hitza hartu du gero Samaniegok, eta eskerrak eman ondoren, lehendakari kargua pasa den maiatzean uzteko arrazoia gazteagoei erreleboa emateagatik izan dela argitu du (81 urte ditu), eta “goitik behera asmatu” duela erantsi du, bere ondoren kargua hartu duen Pedro Perezek “gauzak oso ondo egiten dituelako”. Zumarragarekin aspalditik duen lotura ere aipatu du, Antigua elizarekin bereziki, eta herri honetan 1872an dagoeneko, Gipuzkoan eratu eta bi urtera, Gurutze Gorriaren ordezkaritza bat bazegoela azaldu du, datu hori gehiago sakontzeko konpromisoa hartu duela ere erantsiz. Aretoan bildutako guztiek txaloarekin jaso duten esaldia ere esan du amaitzeko: “Gurutze Gorria ez da uzten; Gurutze Gorrian hiltzen da