Mutiloan Txerri Azoka egingo dute bihar
Txerria erreko dute, eta ondoren dastatzeko aukera izango da
Txerrikiak eta odolkiak dastatu nahi dutenek aukera izango dute bihar Mutiloan. Izan ere, urteroko legez, txerri azoka egingo dute. Aurtengoa VIII. edizioa izango da. Txerria eta txerritik datozen produktuak izango dira, dudarik gabe, protagonista nagusiak. Goizeko 10:00etan emango diote irekiera ofiziala azokari, trikitiaren eta panderoaren laguntzaz.
Goizean goiz hasiko dira lanean, eta ohiturari jarraituz, txerria erreko dute frontoi aurrean. Mutiloako frontoian hainbat postu jarriko dituzte. Horietan bertako produktuak erosteko aukera izango da. Hala dio Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak: «txerrikiak erosteko aukera egongo da, baina baita bertako produktuak ere, adibidez, barazkiak». Artisautza produktuak ere aurkituko ditu gerturatzen denak. Arraza ezberdinetako txerriak ezagutzeko aukera izango da. «Gure txerriaz gain, arraza ezberdinetako txerriak nolakoak diren ezagutzeko aukera edukiko dugu», nabarmentzen du. Salgai egongo den txerrikia, beraz, ez da hemengoa bakarrik izango. Jatorri ezberdinetako ekoizleak egongo dira beraien lurraldeko txerria ezagutarazten. Jatekoari dagokionean, janari falta ez dela izango adierazten du alkateak: «jateko denetarik izango dugu, dela txerrikia, odolkia, hirugiharra…».
Goizeko 12:00etan odolkiak nola egiten diren jakiteko erakustaldia egingo dute. Beraz, ikasteko gogoa duenak aukera aproposa izango du. Erakustaldiaren ondoren, erretako txerri horren dastaketa egingo dute. Pintxoak banatuko dituzte, eta inguratzen direnek bertan erre den txerri hori dastatu ahalko dute. 14:30etan, berriz, herri bazkaria egingo dute frontoiean bertan. Haurrei dagokionean, eskulanak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte herriko ludotekan. Ugaldek jendeari gerturatzeko gonbita luzatzen die: «giro ederra izango dugu eta animatu»