Euskal musikaren omena jaso du Amaia Apaolazak Ordizian
“Jende hau guztia biltzeko gai izan bada, ez zen edozein”. Amaia Apaolazaren omenezko kontzertuan entzundako hitzak dira. Izan ere, jendetza bildu zen atzo Ordizian, eta txiki gelditu zen plaza. Baina ikusleak ez ezik, musikari sorta bikaina ere elkartu zuen Amaiaren memoriak. Euskal musikaren azken 20 urteotako izen garrantzitsuetako asko bildu baitziren eskenatokian, tartean Fermin Muguruza, Ruper Ordorika, Tapia eta Leturia, Betagarri, Esne Beltza, Gose edota Kaotiko taldeak, besteak beste. Amaia Apaolazaren lagunek eta ezagutu dutenek bidalitako mezu hunkigarriek josi zituzten taldeen arteko tarteak.
Sorpresak ere izan ziren kontzertuaren bukaeran; batetik, Sarri, Sarri abestia jotzera Iñigo Muguruza –Ferminen anaia eta Kortatuko kidea– igo zen. Gora Herriak! abestirako berriz, Negu Gorriak taldeko kide guztiak batera agertu ziren eskenatokian, Esne Beltzako musikariekin batera; orduan jo zuen gaina kontzertuak. Fermin Muguruzak berak azaldu zuenez, “Amaiak batu” zituen berriz.