Ohiko merkataritza berrikuntzaren bidez bultzatzeko egitasmoa aurkeztu dute
Ordiziako ohiko merkataritza bultzatzea helburu hartuta, berrikuntzaren inguruko egitasmoa aurkeztu dute udalak eta Ieteam etxeak. Merkatariei zuzenduta, berrikuntzaren inguruko jardunaldi bat egingo dute batetik; bestetik, proiektu eta egitasmo berrietan murgiltzeko prest dauden merkatariei aholkularitza eta jarraipena eskainiko diete.
Ordiziako ohiko merkataritzari «bultzada berri bat» eman nahi diotela azaldu du Jose Miguel Santamaria alkateak, «herrian eta eskualdean erreferente» bihurtzeko helburuarekin. Hala, saltokiei zuzeneko aholkularitza eskainiko diete, beti ere, berrikuntzarekin lotuta.
Bi fasetan banatuta
Udaleko merkataritza sailarekin batera, Ieteam enpresa aritu da egitasmoari forma ematen. Ainara Mugak azaldu duenez, «proiektuak bi fase» izango ditu. Batetik, Berrikuntza Ordiziako ohiko merkataritzan jardunaldia egingo dute. Bigarren fasean, beraien komertzioetan berrikuntza proiekturen bat egiteko prest dauden merkatariekin «oso gertutik» lan egingo dutela azaldu du Mugak, «ideia horiek landu, forma eman eta aurrera ateratzeko».
JARDUNALDIA: · Eguna: Azaroak 17, asteartea. · Ordutegia: 14:30etatik 16:30era. · Nori zuzendua: Merkatari guztiei irekia · Izen-ematea: Azaroaren 16ra arte (14:00) · Harremanetarako: Ordiziako merkataritza bulegoa: 648 700 658 edo merkataritza@ordizia.eus.