Umeentzako masaje ikastaroa egingo dute Ordizian, azarotik abendura
Jone Beitialarrangoitia psikoterapeuta legazpiarrak gidatuta, “larruazalaren eta ukimenaren bidez, gurasoen eta seme-alaben elkar ezagutzea” hobetzen saiatuko dira. Shantala masaje indiarra izango dute oinarri, eta gurasoak izango dira haurrei masajea emango dietenak.
Udaleko euskara zerbitzuak, “egoera guztietan euskara erabili ahal izateko tresnak” eskaini nahi dizkie gurasoei; izan ere, ikastaro hau, “hizkuntzaren familia bidezko transmisio bideak” bermatzeko ekimen moduan ikusten dute.
Zazpi saio
Zazpi saiotan emango dute ikastaroa, astelehen eta ostegunetan, azaroaren 26an hasi eta abenduaren 21era arte, goizeko ordutegian (10:00-11:15). Azaroaren 23ra arteko epea dago izena emateko, udaleko euskara zerbitzura jota (943 80 56 22) edo esep@ordizia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Matrikularen prezioa 30 eurokoa da.
Ordiziako Udaleko euskara zerbitzuak umeei masajeak emateko ikastaroa antolatu du. Urtebetez azpiko haurrei eta hauen gurasoei dago zuzenduta.