Seguran hasi zen Batasunaren aurkako polizia operazioa, 2007ko urrian. Zortzi urte geroago, eta epaiketaren atarian, herri horretako plazan aldarrikatu dute 35/02 sumarioan —polizia iturriek Segura sumarioa deitua— auzipetutako goierritarrek “lan politikoa egiteko eskubidea”. Libre Eguna ospatu dute, eguerdian hasita. Batasuna, EHAK eta EAE-ANV alderdien aurkako epaiketa abenduaren 3an hasiko da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketa salatu dute, politikoa dela gogoraraziz eta Espainiako Estatuak “garai bateko eskemekin” jarraitzen duela deitoratuz, “dena ETA da argudioarekin”.
Goierriko bost auzipetuetatik lau./A. Maiz
Seguran izan dira bost auzipetu goierritarretatik lau: Pello Galvez, Asier Imaz, Egoitz Apaolaza eta Karmele Aierbe. Eusebio Lasak ezin izan du joan. Ekitaldia, Parisko atzoko “sarraskia” salatuz hasi dute, Segurako plazan. Pariseko atentatuetan hildako ehundik gora lagunen familiei elkartasuna adierazi diete, eta hurrengo egunetan babesa emateko eta konpromisoa adierazteko ekimenetan parte hartzeko deia egin dute.
Segurako ekitaldia, gaur./Aimar Maiz
Auzipetuek “epaiketa politiko gehiago ez” dela egin behar ohartarazi dute. Eurak “2005-2007 artean egindako lan politikoagatik” zigortu dituztela gehitu dute. Estatuaren “inmobilismoaren harri tzarra” mugitu beharra dagoela aldarrikatu dute, “indarrak albokoarekin bilduta”.
Ekitaldian bertsolariek, dantzariek, musikariek eta herriko koruak parte hartu dute. Ondoren, 90 bat lagunek bazkaria egin dute Segurako plazan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.