Gureran, ahoz aho sona hartu duen taldea
Herritarrei sorpresa bat emateko asmoarekin sortu zen Gureran musika taldea, uztailaren hasieran. Beste arrazoi batzuen artean, Herrikoen aurkako sententziak bultzatu zituen kontzertu ...
Herritarrei sorpresa bat emateko asmoarekin sortu zen Gureran musika taldea, uztailaren hasieran. Beste arrazoi batzuen artean, Herrikoen aurkako sententziak bultzatu zituen kontzertu hura ematera. Zaldibian bizi diren bost musikari elkartu eta Gazte Festetan Joxepaneren parean kontzertu sorpresa bat eman zuten, sententziaren aurka. «Hasieran helburua ez zen talde bat sortu eta hemen eta han kontzertuak ematen hastea», azaldu du Iban Pajares taldekideak. Gazte Festetako kontzertuaren ondoren, ordea, beste hainbat herritan jotzeko deia jaso dute, «ahoz ahokoaren ondorioz».
Bost lagunek osatzen dute Gureran: Iban Pajaresek gitarra jotzen du eta koroak egiten ditu, Igor Arresek gitarra, Iñaki Perezek baxua eta koroak, Pello Etxeberriak bateria eta Manex Mendizabalek ahots nagusia. «Pare batek jo izan dute talderen batzuetan, baina besteok inoiz plazara atera gabeak ginen». Espero gabeko arrakasta izan dute, hortaz. Ordiziarrock jaialdian, Itsasondon, Lazkaoko Elkartasun Egunean, Pasaian eta Hernanin eman dituzte kontzertuak, besteak beste. Abenduaren 12an, berriz, Seguran joko dute, gaztetxearen inaugurazio jaian.
Beste taldeen bertsioak jotzen dituzte, 80ko urteetako taldeetatik hasita: Hertzainak, Delirium Tremens, EH Sukarra, Negu Gorriak, Lin Ton Taun… «Gure nerabezaroko abestiak gogora ekarri nahi genituen; talde batzuk ezagutu ere ez genituen egin, baina entzun bai».
Helburu aldarrikatzailea
Gureran taldearen bi helburu nagusiak kontzertuetan giro ona sortzea eta aldarrikapena egitea dira. Horregatik, mezu aldarrikatzaileak dituzten abestiak aukeratzen saiatzen dira, den-denak euskaraz.
Ordiziako musika lokaletan egiten dituzte entseguak. «Hasieran Zaldibiako gaztetxean hasi ginen, baina taldea hazi zenean beste leku baten bila hasi ginen», azaldu du Pajaresek. Eta Ordizian topatu zuten leku hori. Ordiziako eragileekin eta beste talde batzuekin harremanak lotzeko ere balio izan die, gainera, Ordizian ensaiatzeak.
Aurrerantzean ere kontzertuak ematen jarraituko dute, bertsioak eginez. Gainera, hurrengo kontzertuetarako bertsio berriak prestatzen hasiko direla aurreratu du Pajaresek. «Azken hilabeteetan oso lanpetuta ibili gara kontzertuak direla eta, baina azaroan hartuko dugu tartea abesti berriak prestatzeko».