Errezil sagarra izango da izarra igandean Gabirian. Urteroko azoka, lehiaketak eta erakusketa burutuko dira, 10:00etatik 14:00etara. Duela 19 urte hasi ziren bertako ekoizleak sagar mota hori indartzen eta ezagutarazten. Aurten uzta eskasagoa izan bada ere oro har, lehorteagatik, Gabiriako baserri askok aurkeztuko dituzte errezil sagar onenak.
Azoka igandean 10:00etan hasiko da, Gabiriako plazan. Aterpea jarriko dute enparantzan, eta udaletxe azpia nahiz eliza ataria ere erabiliko dituzte. Guztira herriko 22 baserrik parte hartuko dute: errezil sagar lehiaketan 12 etxek, sagar-goxo edo menbrillu lehiaketan beste 12k, eta baserriko produktuen azokan 14 baserrik.
Josu Osa aditua ere han izango da. Fruta arbolak nola inausi eta txertatu behar diren azalpenak emango ditu. Bestetik, erosleen artean errezil sagar saskikada bat eta Baztarrika gaztandegiko gazta bat zotz egingo dituzte.

Errezil sagar festa atzo iluntzean aurkeztu zuten. Lontxo Ormazabal sukaldaria, Gabino Murua antolatzailea eta Iñaki Etxezarreta alkatea./Aimar Maiz
Sari banaketa 13:00ak aldera hasiko da. Erreziletan hiru sari banatuko dituzte, mailaketarik gabe eta iazko sarituak aparte utzita. Sagar-goxotan sari bakarra dago.
Korta jatetxeko Lontxo Ormazabal sukaldariak sagar konpota egingo du, “antzina bezala”. Taloak, dantzariak eta bestelako postuak ere izango dira Gabirian.
Omenaldia ere egingo dio aurten Erbie elkarte antolatzaileak pertsonaia bati, urte askoan batere egin gabe egon ondoren —lehen urteetan errezil sagarra zabaltzen lan egin duten gabiriarrak omendu zituzten—. Aurten, Salvador Gorostola azpeitiar teknikaria omenduko dute. Errezil sagarraren festaren hasieran “izugarri lagundu” zuelako, Antton Olaizolarekin batera.