Gure Esku Dago egitasmoak zuzendaritza berria eta etorkizuneko erronkak aurkeztu ditu
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago mugimenduak, ezohiko batzarra egin du gaur Gasteizen. Bertan, Eskura hausnarketa prozesuaren emaitzak eta zuzendaritza berriaren osaketa eman dituzte jakitera. GEDk 75 lagunez osatutako zuzendaritza batzordea izango du; tartean, hainbat izen ezagun: Lehendik GED dinamikan aritutako Angel Oiarbide, Zelai Nikolas eta Ion Telleria; kazetaritza mundutik datozen Pello Urzelai, Mirentxu Purroy eta Idurre Eskisabel; eta baita sindikalgintzan eta politikan aritutakoak ere, hala nola Jesus Uzkudun, Jexux Olaziregi eta Angel Mari Elkano, besteak beste.
Bi hilabetez herriz herri ondutako parte-hartze dinamika izan da Eskura prozesua. Guztira 60 herri batzorde osatu dituzte eta 1.000 lagun inguruk parte hartu dute bileretan. Gure Esku Dago egitasmoaren aurrera begirako jarduera, antolamendua eta finantziazio bideak aztertu eta onartu dituzte bertan, eta gaur eman dute prozesu horren emaitzen berri. Ekitaldian azaldu dutenez, txostenak “adostasun ia-erabatekoa” izan du. Hala ere, bileretan egindako ekarpen guztiak txosten batean bildu dituztela azaldu dute.
Batzarraren azken zatian, Angel Oiarbideak egungoa “erabakiaren aroa” dela azaldu du, eta datozen bi urteetan, Euskal Herriaren antolaketa instituzionala erabakiko duten mugarriak sortuko direla. Horretarako, erronka berri honi “elkarrekin batuta” heldu behar zaiola uste du, eta bide horretan, Gure Esku Dagok “bitartekeri” lana egingo duela, erabakitzeko eskubidearen arloan “adostasun eremuak” lortze aldera.
Halaber, “erabakitzen hasi” behar dela uste du, eta horretarako gizarteari erremintak eman behar zaizkiola, “bere etorkizunaren protagonista izan dadin”. Bide horretan, Goierrin martxan den eta datorren urtean egin asmo duten herri galdeketa aipatu du. Herri eta eskualdeetan sortutako dinamika hori erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzarmen handi batean bukatzea da helburua. Hala, gaur onartutako dokumentuak, erabakitzeko eskubidea 2018an gauzatzeko erronka jartzen du begimugan. Zentzu horretan, “gure esku dagoen guztia” egiteko konpromisoa adierazi du “aurrean dugun erronka handiari aurre egiteko: erabakitzeko eskubidea”.
- Dokumentua: Gure Esku Dagoren zuzendaritza batzordea