Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna izanik, giza katea egin dute Ordizian. Altamiratik atera dira, Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez pankartarekin. Plaza Nagusiari buelta emanda —azoka eguna dute gaur—, pilotalekuan amaitu dute. Garagartza plazan amaitzekoak ziren, baina eguraldi euritsuak aterpea bilatzera behartu ditu.
Pankartaren atzetik egin dute Altamiratik pilotalekurainoko ibilbidea. / Arg.: Maialen Igartua
Frontoian ekitaldi jendetsua egin dute. Lehenik, Kimetz elkartekoek hartu dute hitza, eta indarkeria matxista “deuseztu” beharra dagoela esan dute. “Urtero emakumeak hiltzen dituzte, emakumeak direlako; bada garaia ohartzeko gizarte osoari eragiten dion arazo bat dela”. Era berean, indarkeria matxista euren agendetan sartzeko eskatu diete erakundeei.
Dantza, musika eta bertsoak ere izan dira ekitaldian. Goierri bertso eskolako Oier Ibarzabalek bota du bertsoa. Jakintza Ikastolako ikasleek, berriz, Uxue Alberdiren Konplize ditut eta maite ditut denak poema irakurri dute, eta gorputz perkusioa egin dute. Oianguren institutukoek Kolore morearen sorrera antzeztu dute, eta dantza ere egin dute.
Ekitaldia amaitzeko isilunea egin dute. Bost minutuz, teilatuko euri hotsa baino ez da aditu Ordiziako pilotalekuan.
Arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte Ordizian eta Goierriko beste hainbat herritan (egitaraua, herriz herri).
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.