Mus lehiarik handiena
Abendutik martxora bitartean egingo dute Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa. Aurten finala Zuberoan egingo dute, aurrenekoz. Goierriko kanporaketak urtarrilean izango diraEuskal Herriko Mus Federazioak zortzigarren urtez antolatu du zazpi herrialdeeta...
Abendutik martxora bitartean egingo dute Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa. Aurten finala Zuberoan egingo dute, aurrenekoz. Goierriko kanporaketak urtarrilean izango dira
Euskal Herriko Mus Federazioak zortzigarren urtez antolatu du zazpi herrialdeetako muslariak biltzen dituen txapelketa. Abenduan hasiko dira aurreneko kanporaketak, eta martxoaren 5ean egingo dute finala Urdiñarben (Zuberoa). Azken urteetako parte-hartzaileen datuak ikusita, 4.000 lagun inguruk izena ematea espero dute aurten ere. Kanporaketak berriz, 250 bat herritan jokatzen dira.Antolaketa lanetan aritzen den Xabier Albizuk azaldu duenez, aurten «apustu handia» egin dute finala Zuberoan jarrita. «Euskal Herri mailako txapelketa da eta guretzako oso garrantzitsua da herrialde guztietako jendea elkartzea». Iaz ere Ipar Euskal Herrira jo zuten, Heletan (Behe Nafarroa) jokatu baitzen finala. «Orduan ere beldur pixka bat izan genuen, baina gero dena ondo atera zen». Izan ere, txapelketa soila ez ezik, Euskal Herria egituratzeko tresna ere izan nahi du lehia honek, eta finala Zuberoan egitea, mus zale askok bertan asteburu pasa egin eta lurraldea ezagutzeko aitzakia ona izan daiteke. Hala, finalera iristen direnei, inguruko ostatu, nekazal turismo eta jatetxeen inguruko informazioa ere bidaliko diete antolatzaileek.
Goierrin, urtarrilean
Euskal Herriko Mus Txapelketako lehen kanporaketak abenduan hasiko badira ere, Goierriko herrietako saioak urtarrilean izango direla azaldu du Albizuk. «Urtarrilaren 31rako jokatu behar dira herrietako kanporaketa guztiak, eta gero herrialde mailakoak otsailean izango dira». Gipuzkoakoa, esaterako, otsailaren 20an jokatuko dute, Alegian.
Zortzigarren urtea izanda, dagoeneko egitura edo sare bat antolatuta dute txapelketaren inguruan, baina urtero «lan handia» izaten dutela azaldu du Albisuk, jendearekin egon eta kanporaketen datak eta tokiak lotu behar izaten direlako.
Txapelketan parte hartzeko, nahikoa da norbere herrian antolatzen den kanporaketara joan eta 20 euro ordaintzearekin. Txapelketan zehar, 50.000 euro inguru banatuko dituzte saritan. Txapelketaren inguruko informazioa eta kanporaketen jarraipena www.ehmus.org webgunean egingo dute.













