Odolkiak protagonismo berezia hartu zuen atzo, lehiaketaz gain, odolkia garai bateko eran egin baituzten plazan. Barazkien artean kardua eta neguko sagar gorria izan dira izar.
Tokian tokikoa eta era askotara egin ohi da odolkia Euskal Herrian. Goierriko moduan egin zuten atzo Juanita Murgiondok, Rexu Olaetxeak eta Juanita Aranburuk, hirurak ere «mutiloarrak jaiotzez eta bizitzez». D’elikatuzek feria gunean okasiorako jarritako sukaldean aritu ziren, odolkia betiko eran egiten; galtzear dagoen usadioa ezagutzeko parada. «Guk betidanik egin izan dugu odolkia etxean, baino gurekin bukatuko da hau, gazteek lan hauekin ez dute ezer jan nahi eta» zioten hirurek aho batez. Tokian tokiko ohituren berri jasotzeko aukera ere ematen du; Ituren aldean eta Ipar Euskal Herrian buruko haragi puxkak ere sartzen zaienekoa, esaterako. «Guk barazkiak erregosita sartzen ditugu hestean, baina beste batzuk gordinak sartzen dituzte eta ondoren egosi». Kontuak kontu, odolki usain edo perfume ederra zabaldu zen goizean goizetik. Udaletxeko arkupean berriz, Gipuzkoako lehiaketa egin zuten, atzokoan, odolkia protagonista zela.
Asteroko azokako postuetara begira jarrita, atzo azaldu ziren denboraldiko lehen karduak, metro eta erdi luze izango zuen Baliarraindik ekarritakoen arteko batek. Prestatzeko lana badu eta gehiago jotzen du jendeak jadanik prestatuta datozen poteetara. Sagar mota berri bat ere bazen, Amaia Kalbariokoak ekarrita: neguko gorria, estimazio handikoa.
Lehen Udaberriko zizak
Patxi Aierbek ekarri zituen, baina berak aitortzen zigun moduan «hotzak eta euriak itsusitu ditu, aste bete lehenago jaso izan banitu alde ederreko itxura izango zuten». Ikusi behar ea beste sortaren bat inguratzen duten datozen asteetan, edota udaberrira arte itxaron beharko dugun. Bestalde, aspaldi ikusi gabe ginen ziza hankaurdina ere bazuen Lasak, 10 bat kilo, bakoitza 18 euroan salgai.
Feria eguna zela aprobetxatuz, informazio gune bat jarri zuten Barrena Plazan, edukiontzi berdearen inguruko zalantzak argitze aldera. Aiala Ezeizak argitu zigunez, «beira eta kristala ez dira nahastu behar osagai ezberdinak baituzte, eta arazoak sortzen dira botila berriak egiterakoan» argitu zigun. Ecovidrioren eta Sasietaren ekimena zen.