Dani Garcia: «Miresten nauen talde batean egoteak ez du preziorik»
Eibar SD taldeak beste bi denboraldirako luzatu dio kontratua Dani Garcia futbol jokalariari (Zumarraga, 1990). Lortutako akordioarekin gustura dago, eta ahalik eta partida gehien jokatzea da bere helburua. Eibar SD
Eibar SD taldeak beste bi denboraldirako luzatu dio kontratua Dani Garcia futbol jokalariari (Zumarraga, 1990). Lortutako akordioarekin gustura dago, eta ahalik eta partida gehien jokatzea da bere helburua.
Eibar SD taldeak 2018ra arte luzatu dizu kontratua. Gustura?
Abuztutik ari ginen hizketan, negoziatzen, eta akordio batera iritsi gara azkenean. Gustura nago, nik Eibarren jarraitu nahi dudalako. Miresten nauen talde batean egoteaz gain, nire etxean nago, nire lagunekin, eta horrek ez du preziorik.
Laugarren denboraldia jokatzen ari zara taldean, eta dagoeneko bi igoera bizi izan dituzu.
Iritsi nintzenean bigarren B mailan zegoen taldea, bigarren mailara igo ginen, eta gero lehenengora. Lau denboraldi izan dira, baina bizi-biziak. Oso balorazio ona egiten dut. Taldea ia berria da, eta ez da erraza hain denbora gutxian talde bat trinkotzea; eta hori lortu dugu. Ea denboraldi hau zer moduz joaten den. Momentuz seigarrenak gaude sailkapenean, baina errealistak izan behar dugu, eta badakigu beste taldeetan maila altua dagoela. Denboraldi amaierara arte erritmo honetan jarraitu behar dugu.
Taldeko kapitainetako bat zara. Entrenatzaileak zurekin fio diren seinale?
Azken finean taldean urte gehien daramatzanetako bat naiz, eta pentsatzen dut horrek eragina izango duela kapitainak aukeratzerakoan. Bestalde, agintzea gustatzen zait.
Zein da denboraldi honetarako taldearen helburu nagusia?
Lehenengo mailan jarraitzea, bai denboraldi honetarako, bai datozenetarako. Lehenengo mailan sendotzea izugarria izango litzateke taldearentzat, Eibar herriarentzat eta Euskadirentzat. Herriari onura ekonomiko handia ekarri dio igoerak.
Eta jolakalari modura duzun helburua?
Ahalik eta partida gehien jokatzea.
Zer aldaketa ekarri dizu zuri lehenengo mailan jokatzeak?
Iaz, eskolako lehen egunean bezala sentitzen nintzen, ez nekielako zer topatuko nuen. Orain, urtebete pasata, lasaiago joaten naiz partidetara.
Zer moduz entrenamenduak eta taldeko giroa?
Hiruzpalau egunetan Arrasaten entrenatzen dugu, eta astean behin Eibarren, zelaia ez hondatzeko. Entrenamenduak motzak dira, baina oso intentsoak. Lehiakortasun handia egoten da, eta uste dut hori ona dela.
Etorkizunean ere zure burua Eibarren ikusten duzu?
Bai, gustura nago taldean eta baloratu egiten nautela sentitzen dut. Egunen batean ezetz esaterik ez dagoen eskaintza horietako bat egiten badidate, pentsatu egin beharko dut. Baina, momentuz, zoriontsu naiz Eibarren, eta datozen bi denboraldietarako kontratua betetzea espero dut.
Eibarren jokatu arren, Urolarekin harreman estua izaten jarraitzen duzu.
Bai, jubenilak entrenatzen ditut, astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan. Eta entrenatzen ez dudanetan ere etortzen naiz, zerbaitetan laguntzera edo klubeko jendearekin egotera. Polita da Urolaren zati zarela sentitzea, eta gustura etortzen naiz Argixaora. Azken finean, umetatik jokatu dut Urolan, eta kategoria guztietatik pasa naiz. Zelaitik gertu bizi naiz, eta ordu mordoa eman ditut bertan.
Ikusten duzu etorkizunik entrenatzen dituzun jokalarien artean?
Hori ezin da inoiz jakin. Nik ere ez nuen uste futbolean etorkizunik nuenik, baina gero gauzak aldatu egiten dira. Egia esan futbola aldatu egin da; orain jokalariak teknikoagoak dira, lehen fisikoagoak.
Igandean Real Madrilen aurka jokatuko duzue. Zein asmorekin zoazte?
Gerra ematera joango gara, eta, ahal bada, irabaztera.