Movember festa egingo dute bihar Ordizian
Azaroa iristearekin bat, bibotez betetzen da Ordizia, Movember kanpainarekin bat eginez. Hil osoan zehar, ekintza sorta egin dute, eta biharko, amaierako festa antolatu dute plaza nagusian. Gaueko 22:00etan elkartu eta “Bibote” talde argazkia aterako dute. Ondoren, Basic taldearen kontzertua izango da. Eta jaialdia bukatzeko, Ordizian merkatari elkarteak antolatu duen Miss eta Mister Movember lehiaketako sari banaketa egingo dute; hil osoan zehar argazkiak atera eta Facebook orrialdean zintzilikatu dituztenen artean, bina lagunentzako hiru afari banatuko dituzte.
Nick Night, ordizian bizi den britainiarra da Movember egitasmoaren bultzatzaileetako bat. Azaroan zehar diru bilketa egin dute, prostatako eta barrabiletako minbiziaren ikerketa bultzatzeko. Nazioarte mailako bilketa da, baina Ordiziak ere jartzen du bere aletxoa. Iaz esaterako, 4.000 euro inguru bildu zituzten. Aurtengo kanpainari begira, 50 eltxetxu eta 200 kartel jarri dituzte herriko komertzioetan; baita euro batean salgai dauden 1.000 txapa ere. Horrekin batera, Xabi Alonso futbol jokalariak sinatutako Bayern Munich taldeko elastiko bat zozkatuko dute laguntza eman duten guztien artean. Kamiseta Vicuña Sport dendako erakusleihoan dago ikusgai.
- Gai honekin lotuta: Movember, biboteen aroa