«Niretzat saria helmugara irribarre batekin iristea da, ondo bukatzea»
Behobiatik Donostiarako lasterketa herrikoia 25. aldiz egin du, aurten, Pello Arroyo beasaindarrak. 1988an hasi zen, eta harrezkero bitan soilik huts egin du. Karrera ...
Behobiatik Donostiarako lasterketa herrikoia 25. aldiz egin du, aurten, Pello Arroyo beasaindarrak. 1988an hasi zen, eta harrezkero bitan soilik huts egin du. Karrera berezia dela aitortu du, gozatuz korrika egin beharrekoa.
Noiztik datorkizu Behobia-Donostiarekiko lotura?
Lehenengo Behobia orain 27 urte egin nuen. Bitan huts egin dut: urte batean informatika sartu zuten, ez ginen ohartu, eta dortsalik gabe geratu ginen. Beste batean, pneumoniarekin ezin izan nintzen irten. Batzuetan ezin izaten da.
Gainontzean ere korrikalari ohitua zara zu.
Bai, hala da. Goierriko Bi Handiak bi aldiz bukatua dut. Erromako, Parisko eta Islandiako maratoietan ere izan naiz. Islandian ezin izan nuen parte hartu, min hartuta nengoelako, baina Bealak talde osoa joan ginen. Basamortuan ere korrika egin dugu. Donostiako maratoia ere askotan, eta hemengoak: San Silbestre Beasainen, Josetxo Imaz, Idiazabalgo krosa… Aurrean jarritako guztia ia. Usurbeko Igoera guztiak egindako bakarra naiz, gainera.
Makina bat kilometro izango dira horiek.
Korrika 30 urte daramat. Orain 56 urte dauzkat. Esperientzia pixka bat eta kilometro asko ditut hanketan. Orain kalkuluak eramaten ditut, eta urtean 2.400-2.500 kilometro egin ohi ditut korrika. Beraz, kalkulatzen dut 70.000 kilometrotik gora daramatzadala. Lesioekin zortea izan dut. Ohikoak izan ditut, baina txikiak.
Behobia 25. aldiz osatu duzu. Zer dauka berezitik?
Giro ona egoten da, eta ondo antolatuta dago. Ibilbidea ez da samurra, baina ondo prestatuta dago. Eta, batez ere, jendea. Bide guztian egoten da. Ikusgarria da: batzuk musika joz, besteek platanoekin edo laranjekin itxaroten dizute, ura emanez… Lotu egiten zaitu, benetan.
1988tik ederki aldatu da, bada.
Irten nintzen lehen Behobian 2.800 pertsona ginen. Familia-giro gehiago zegoen. Egia da, azken urteetan, lehengo zerbait faltan sumatu dudala. Uste dut zenbakiaren bila dabiltzala. Ez dakit zein duten helburua, 40 edo 50.000 partaidera iristea. Baina bakoitzak nahi duena bilatzen du. Eta, izatez, estatuko lasterketa herrikoi garrantzitsuena da.
Denbora ontzera joaten direnetakoa zara? Ala lagun artean igande goiza lasai pasatzera?
Hori beste edozertan bezala da. Denbora batekin hasten zara, eta, jakina… zeure buruaren kontra aritzeko harra sartzen zaizu. Beti saiatzen zara denbora hobetzen. Baina urte batzuk badira, Roberto Iñiguez lagunarekin batera hasi nintzenetik, lasaiago hartzen dudala. 1:23ko denbora egitetik, 1:40ra. Eta konturatu naiz mutil gazte batek bezala bukatzen dudala. Dauzkazun urteekin asko oroitu behar da, ez dira alferrik eta.
Zeure burua ondo ezagutzea beharrezkoa dela, alegia.
Horixe. Gaur egun, nik gehiago baloratzen dut karreran irten eta gozatzea, giroa ikusi, paisajeak, jendea… Orain etekin edo onura hori ateratzen dut. Niretzat saria bukatzea da. Helmugara iritsi, eta, irribarre batekin, ‘bihar ere korrika egitera noa’ esan ahal izatea.