Astelehenean hasitako kanpainan, 1.800 bat kilo bildu dira ikastetxe eta denda batzuen laguntzarekin
Arroza, pasta, lekaleak, atun eta sardina kontserbak, azukrea eta konpresak. Goierri beheko hainbat herritako ikastetxe eta dendak lagunduta, 1.800 bat kilo janari eta higiene produktu jaso dira astelehenean hasi eta gaur bukatu den kanpainan. Goierriko Sahararen aldeko lagunek antolatutako ekintza izan da hau, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan urrian izandako uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko helburuarekin. Ataungo lokal batean bildu dute jasotako guztia, eta arratsaldean zehar kaxatan antolatzen ibili dira. Astelehenean Tolosara bidaliko dute Goierriko laguntza, eta handik bideratuko da bidalketa. Gabonak inguruan iritsiko da sahararren kanpamenduetara.
Goierriko Sahararen aldeko lagunek beste kanpaina bat ere badute martxan, diru-bilketa, alegia. Dirua Kutxabanken irekita duten kontuan eman daiteke. Goierriko udalei ere egin die laguntza eskaera, eta momentuz Zaldibiakoak, Lazkaokoak eta Zegamakoak eman dute baiezkoa. Jasotako diru guztia Ilargi Erdi Gorriaren bitartez helaraziko da sahararren errefuxiatu guneetara. Abenduaren 20ra arte egin daitezke diru ekarpenak.