Ormaiztegi, mozorroz mozorro
San Andres jaietan bete-betean murgilduta daude Ormaiztegin. Atzo arratsaldean festei hasiera ofiziala eman ondotik, gaur mozorro eguna ospatzen ari dira. Askotariko mozorroak ikusi ahal izango dira eguerdi partetik herriko kale eta tabernetan. Horietako askok elkarrekin bazkaldu dute Zubipe kiroldegian, eta arratsaldean herria girotzen dabiltza hara eta hona, hotzari aurre eginez. 20:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa dute.
Bihar jarraituko dute jaiek, Odolki festarekin. Goizean Ormaiztegiko XIX. Odolki lehiaketa, XVIII. Odolki osagaien azoka eta lehiaketa, eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren XIV. sukaldaritza lehiaketa. Arratsaldean ere izango da festa, eta gauean helduen danborrada egingo dute.
Astelehenean, berriz, San Andres eguna ospatuko dute. Txistularien goizeresia, haurrentzako parkea, Urmaiz abesbatzak abesturiko meza nagusia, hamaiketakoa, herri kirol jaialdia eta musika emanaldiak izango dira, besteak beste.