«Apustu baten erruz hasi nintzen sofbolean»
Pitcherra da Ane Barandiaran (Ordizia, 1992). Pilota eskuz jaurtitzen duen jokalaria, alegia. Egun Athletiko de San Sebastian taldeko jokalaria da, eta munduko ...
Pitcherra da Ane Barandiaran (Ordizia, 1992). Pilota eskuz jaurtitzen duen jokalaria, alegia. Egun Athletiko de San Sebastian taldeko jokalaria da, eta munduko jokalari onenen aurka jokatzeko aukera izan du behin baino gehiagotan. Espainiako selekzioan dabil duela urte askotatik, eta bere aldetik, sari ugari irabazi ditu Barandiaranek.
Askok esango dute ea zein zailtasun dagoen pilota bat jaurtitzean.
Teknika asko behar da, kontzentrazio izugarria eta koordinazioa. Eta indarra, noski. Ez da berdina efektuarekin botatzea pilota, eta orduko 80 kilometroan edo 110 kilometroan joatea. Fisikoki oso prestatuta egon behar da, eta entrenatu.
Nolatan hasi zinen sofbolean jokatzen?
Apustu batengatik hasi nintzen sofbolean. Bai, hala izan zen. Sofbola beti praktikatu izan da eskola kirolean, baina nik garai hartan euskal dantzak eta balleta egiten nituen. Gauza da, DBHko lehenengo mailan nire klaseko neska guztiak sofbolean hasi zirela, ni izan ezik. Bigarren mailan geundela orain nire entrenatzailea dena etorri zitzaigun klase batzuk ematera. Noski, ni nintzen jokatzen ez zekien bakarra. Beste guztiek bazekiten pilota indarrez botatzen, batearekin ematen… eta ni nintzen galduta zebilen bakarra.
Behin, teknologiako klase batean, nire klaseko bi mutil hasi zitzaizkidan zirikatzen klaseko neska guztiak sofbolean ibiltzen zirela eta ni ez, balleta ez zela egiazko kirola… Horrela, ni zirikatzen. Halako batean esan zidaten ez nintzela gai entrenamendu batera joateko.
Eta zuk, amua irentsi zenuen.
Bai, nola ez! Esan nien agertuko nintzela, baina ezin nuen baietz esan eta ez azaldu, klaseko neskek ere entzun zutelako azalduko nintzela. Batek esan zidan: «Ane, asteartean 7etan da entrenamendua, eta azaldu».
Hala agertu zinen?
Bai, joan nintzen, baina desastre bat izan zen. Pilota erori egiten zitzaidan, ez nuen batearekin asmatzen… eta bitartean inguruko guztiek nahiko ondo jokatzen ari ziren. Oso gaizki pasatu nuen.
Gaizki pasatu zenuela diozu; orduan, nolatan jarraitu zenuen?
Ba ez dakit. Ikusten nuelako kiroletan horren ondo ibiltzen ez zirenek ere bazekitela sofbolean jokatzen, eta pentsatu nuen, «horiek ahal badute, nik ere bai». Gainera, gurasoek ere bultzada eman zidaten. Ikusi zuten gogoz hartu nuela, eta eskularru berria erosi zidaten, pilota pare bat, eta bate bat ere bai. Denbora hartu eta frontoira joaten nintzen praktikatzera.
Denbora gutxian asko aurreratu zenuen, ezta?
Bai, sofbolean hori gertatzen da. Normalean, bi urtean ikusten da aurrerapena. Baina badu desabantaila bat ere, hemen ez baita kirol oso ezaguna , eta ikasi egin behar delako jokatzen, arauak, teknika… Beste kirol askotan badakizkigu txikitatik. Urte batean asko aurreratu nuen, eta zaharragoekin jokatzen hasi nintzen. Geroago, Espainiako Selekzioarekin hasi nintzen.
Selekzioarekin joan zinen lehenengo alditik sari ugari jaso dituzu. hala nola, pitcher eta jokalari hoberenarenak. Zer sentitzen da?
Hasieran ez nuen oso ondo pasatzen. Lotsa ematen zidan hor erdian jartzeak eta sari bat jasotzeak. Noski, ilusioa ere bai, baina sentsazio arraroa zen. Gaur egun, egindako lanari errekonozimendua dira neretzat, eta oso pozik hartzen ditut sariak. Gainera, irabazitako sari guztiak gordeta ditut logelan.
Jokalari profesionala zara.
Bai, profesionala naiz, eta munduko hoberenen aurka jokatu dut. Ordiziako mutil bat munduko futbol jokalari hoberenen aurka ikustea bezala da. Gertatzen zaidana da batzuetan gutxietsita bezala sentitzen naizela. Profesionalek bezala entrenatzen dut, saiatu ere bai, eta maila ere halakoa daukagu. Baina guk ez dugu kobratzen, eta orduan zaila da sinistea. Baina bai, hala naiz.
Europan ez ezik, mundu osoan zehar ibili zara sofbolean.
Bai, esaterako Kanadara joan gara bitan, eta bertan Japoniaren aurka jokatu genuen. Harmailak beteta zeuden, denak oihuka… izugarria. Inoiz ez didate hankek hainbeste dar-dar egin. Munduko hoberenen aurka ari nintzen jolasten, amets bat zen. Hura gutxi balitz, nahiko partida ona egin genuen. Esaterako, hiru jokalari deskalifikatzea lortu nuen, hiru alditan pilota bota eta huts egin zutelako. Ez da egunero gertatzen den zerbait.
Eta bestelako ametsik?
Mundial batera joatea. Badakit orain zaila dagoela, baina horixe dut buruan.
Sofbol taldea Gipuzkoa Kirolak 2015 saria jasotzeko hautagai
Gipuzkoako 2015. urteko kirolari edo taldea izendatuko dute abenduaren 17an. Lurraldeetako Kirol Federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hautagaiak aukeratu dituzte, eta Barandiaranek jokatzen duen taldea, Athletico San Sebastian, izendatuen artean dago. «Jendearen botoa behar dugu, zaila dago, baina saiatu gabe ez gara geldituko», adierazi du. Izan ere, aurten egindako denboraldi ona dela eta, Europako Kopa txapelketara joateko aukera dute. Aurten ligako txapeldunak izan dira eta, beraz, Europako Kopan jokatzeko sailkatuta daude. Europako herrialde guztietako ligako irabazleen aurka lehiatuko dira, 2016. urteko abuztuan, Ostravan (Errepublika Txekiarra). Saria, berriz, 3.000 eurokoa da.