Danborradaren ondoren, gaur bukatuko dituzte festak Ormaiztegin
Ormaiztegiko San Andres jaiek eman dituzte onenak dagoeneko, eta bart gaueko danborradaren ondoren, gaur bukatuko da festa, zaindariaren eguneko ospakizunekin. Dozenaka lagun atera ziren bart, danborrak hartuta, Sarriegiren martxa ezagunak joaz. Gauaren ilunari eta hotzari aurre eginez, ordu eta erdi inguruko saioa egin zuten, herrian barrena lehenengo, eta plaza parean ondoren. Denbora luzez utzita egon ondoren, duela urte batzuk heldu zioten berriz ere ohiturari, eta urtez urte, egonkortzen ari den ohitura da.
San Andres eguna
Festen azken eguna, Ormaiztegiko zaindariarena, ospatuko dute gaur. Goizean, Urmaiz abesbatzak lagundutako meza (11:30) eta hamaiketakoa izango dituzte. Bitartean, umeentzako parkea izango da Zubipe kiroldegian. 13:00etan, herri kirol jaialdia egingo dute plazan.
Arratsaldean berriz, Cirqueamos ikuskizuna izango da Zumalakarregi kaleko karpan, 17:30ean. Eguna eta festak bukatzeko, 19:00etan, Arantzak eta Pantxok kontzertua egingo dute plazan, rantxerak, korridoak, tangoa eta euskal musika nahastuz.