Euskal jantziak, pasarelara bidean
Ordiziako Amets Bide dantza taldeak 'Iragana orainean' euskal jantzien pasarela antolatu du abenduaren 11rako. Ikuskizunaz gain, argazki erakusketa eta egutegia ere prestatu dituzte.Azken urteotan gero eta gehiago zabaltzen ari da Eguberrietan nahiz Eu...

Ordiziako Amets Bide dantza taldeak ‘Iragana orainean’ euskal jantzien pasarela antolatu du abenduaren 11rako. Ikuskizunaz gain, argazki erakusketa eta egutegia ere prestatu dituzte.
Azken urteotan gero eta gehiago zabaltzen ari da Eguberrietan nahiz Euskal Jaietan euskal jantziekin kalera ateratzeko ohitura. Tradizio honi eta euskal jantziei beste bultzada bat eman nahi dio, ordea, Amets Bide dantzari taldeak. Herriko hainbat elkarte eta talderekin elkarlanean, argazki erakusketa eta desfilea antolatu dituzte datozen egunetarako. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, D’Elikatuz zentroan jarri duten erakusketa zabaltzeko egin zuten ekitaldian. Izaro Intsausti Amets Bide elkarteko kideak azaldu duenez, abendura begira antolatu dituzten ekintzek bi helburu nagusi dituzte: «Batetik, herritarrak baserritar jantziak erabil ditzaten animatzea; eta bestetik, arlo horretan lan egiten duten herriko merkatarien lana ezagutaraztea». Hala, herriko merkatariekin harremanetan jarri eta beraiek egindako euskal jantziak erakusteko desfile bat antolatzea erabaki dute. Hilaren 11n egingo dute ikuskizuna, plazan jarriko duten pasarelan. Asmo xume moduan hasi zena, «gero eta dimentsio handiagoa» hartzen joan dela dio Intsaustik. «Dantza taldeko 50 bat lagun inplikatu dira, baina baita merkatariak eta herriko beste hainbat talde ere». Izan ere, Ordizian bost denda daude mota honetako arropa egiten dutenak. Guztira bost pase egingo dituzte, bakoitzean 8-10 soineko edo jantzi erakutsiz. Ez da moda desfile soila izango, ordea. Ekitaldia «goxotasun handiz» prestatu dute, eta ikusleei ere «goxotasuna transmititu» nahi diete. Horretan, zeresan berezia izango du okasiorako prestatu duten argiteria bereziak ere. Intsaustik azaldu duenez, Amets Bidek Beasaingo dantzariek Igartzan egin zuten jaialdian parte hartu zutenean, txundituta gelditu ziren han erabili zuten argiztapenarekin. Haren arduraduna nor zen galdetu eta Iñaki Irastortzarekin jarri ziren harremanetan. Ordizian ere halako zerbait egitea proposatu zioten, eta honek baiezkoa eman zien.