Euskal jantziak, pasarelara bidean
Ordiziako Amets Bide dantza taldeak 'Iragana orainean' euskal jantzien pasarela antolatu du abenduaren 11rako. Ikuskizunaz gain, argazki erakusketa eta egutegia ere prestatu dituzte.Azken urteotan gero eta gehiago zabaltzen ari da Eguberrietan nahiz Eu...
Ordiziako Amets Bide dantza taldeak ‘Iragana orainean’ euskal jantzien pasarela antolatu du abenduaren 11rako. Ikuskizunaz gain, argazki erakusketa eta egutegia ere prestatu dituzte.
Azken urteotan gero eta gehiago zabaltzen ari da Eguberrietan nahiz Euskal Jaietan euskal jantziekin kalera ateratzeko ohitura. Tradizio honi eta euskal jantziei beste bultzada bat eman nahi dio, ordea, Amets Bide dantzari taldeak. Herriko hainbat elkarte eta talderekin elkarlanean, argazki erakusketa eta desfilea antolatu dituzte datozen egunetarako. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, D’Elikatuz zentroan jarri duten erakusketa zabaltzeko egin zuten ekitaldian. Izaro Intsausti Amets Bide elkarteko kideak azaldu duenez, abendura begira antolatu dituzten ekintzek bi helburu nagusi dituzte: «Batetik, herritarrak baserritar jantziak erabil ditzaten animatzea; eta bestetik, arlo horretan lan egiten duten herriko merkatarien lana ezagutaraztea». Hala, herriko merkatariekin harremanetan jarri eta beraiek egindako euskal jantziak erakusteko desfile bat antolatzea erabaki dute. Hilaren 11n egingo dute ikuskizuna, plazan jarriko duten pasarelan. Asmo xume moduan hasi zena, «gero eta dimentsio handiagoa» hartzen joan dela dio Intsaustik. «Dantza taldeko 50 bat lagun inplikatu dira, baina baita merkatariak eta herriko beste hainbat talde ere». Izan ere, Ordizian bost denda daude mota honetako arropa egiten dutenak. Guztira bost pase egingo dituzte, bakoitzean 8-10 soineko edo jantzi erakutsiz. Ez da moda desfile soila izango, ordea. Ekitaldia «goxotasun handiz» prestatu dute, eta ikusleei ere «goxotasuna transmititu» nahi diete. Horretan, zeresan berezia izango du okasiorako prestatu duten argiteria bereziak ere. Intsaustik azaldu duenez, Amets Bidek Beasaingo dantzariek Igartzan egin zuten jaialdian parte hartu zutenean, txundituta gelditu ziren han erabili zuten argiztapenarekin. Haren arduraduna nor zen galdetu eta Iñaki Irastortzarekin jarri ziren harremanetan. Ordizian ere halako zerbait egitea proposatu zioten, eta honek baiezkoa eman zien.
Ikuskizuna osatzeko, musika, dantza eta bertsoak ere izango dituzte. Hala, saioa hasi aurretik txalaparta doinuak eta dantzarien agurra izango dira. Pase baten eta bestearen arteko tarteetan ere, dantza eta musika emanaldiak egingo dituzte, Amets Bideko dantzariekin, bertsolariekin eta Ordiziako jubilatuen abesbatzarekin.
Ikuskizuna antolatzerako garaian, faktore askok bat egin dutela dio Izaro Intsaustik. Izan ere, ekitaldia antolatzerako garaian, D’Elikatuz zentrora jo zuten, eta hauek, emakume baserritarrei omenaldia prestatzen ari zirenez, bi ekitaldiak batean egitea pentsatu zuten. Izan ere, jaialdiarekin batera, Javier Arrieta artista baserrian lan egiten duten emakumeen omenez egiten ari den eskultura estreinatuko dute.
Egitasmoaren helburuetako bat herriko merkataritza bultzatzea ere bada, eta Ordizian merkatari elkarteak ere bat egin du hilaren 11ko ospakizunarekin. Hala, egun horretan bertan piztuko dute Eguberrietako kaleko argiteria herrian. Intsaustiren arabera, «puzzlearen pieza guztiek enkajatu» egin dute horrela, eta «gustura» gelditu dira emaitzarekin.
Egutegia eta erakusketa
Asmo honekin bueltaka hasi zirenean, Amets Bidekoek Ortzadar argazkilari elkartearengana jo zuten, jantzien argazkiak ateratzeko. Taldeko dantzariak modelo lanetan jarrita, herriko hainbat puntutan atera dituzte argazkiak. 6 argazkilarik eta 100 dantzari inguruk parte hartu dute. Hartutako lana eta emaitza ikusita, argazki horiekin 2016ko egutegia eta erakusketa bat antolatzea erabaki zuten. D’Elikatuz zentroan izango da ikusgai, urtarrilera bitartean.













