Haurren eskubideak
Azaroaren 20a Haurren Eskubideen Nazioarteko eguna da, 1959an Nazio Batuen Erakundeak haurren eskubide unibertsalak finkatu zituela gogoratzeko. Beasainen, aurten ere, jolasean ospatu ...
Azaroaren 20a Haurren Eskubideen Nazioarteko eguna da, 1959an Nazio Batuen Erakundeak haurren eskubide unibertsalak finkatu zituela gogoratzeko. Beasainen, aurten ere, jolasean ospatu dute egun berezi hori.
Munduko haur eta nerabe orok du haurtzaro on bat bizi ahal izateko eskubidea. Mezu horixe aldarrikatu zuen 1959ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak, Haurren Eskubideen Aldarrikapenean haurren eskubide unibertsalak finkatuz.
Haurren eskubideak zeintzuk diren gogoratzeko eta eskubide guztiak bete daitezela eskatzeko, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da azaroaren 20an mundu zabaleko leku askotan. Beasain da leku horietako bat. Aisi Hezi aisialdi elkarteak, Beasaingo Txelotxe eta Berritsu ludotekatan, hilabete osoan eskubideen lanketak egin dituzte.
Egunean bertan, berriz, jolasa oinarri hartuta, festa egin zuten Loinazko San Martin plazaren azpian. Jolasteko eskubideari aldarri eginez, jolasean ospatu zuten haurren eskubideen eguna. Hamar gunetan egokitu zuten jolas lekua; haurren eskubideen dekalogoko puntu bakoitzeko gune bat.
Haurra izateko eskubidea gunean, aurpegi margoketak egin zituzten. Askatasunean hazteko eskubidea txilipurdi txokoarekin aldarrikatu zuten. Nortasun bat izateko eskubidea, berriz, txartelak sortuz irudikatu zuten. Osasuna izateko eskubidea, mediku txokoan eta elikaduraren piramidearen jolasean landu zuten.
Familia bat izateko eskubidea familia gunean, hezkuntza bat izateko eskubidea irakurketa txokoan, babesa eta laguntza jasotzeko eskubidea eta tratu txarrik ez jasotzeko eskubidea irudiekin eta marrazkiekin aldarrikatu zituzten. Baztertua ez izateko eskubidea, azkenik, taldeko jolasen bidez defendatu zuten.
Dekalogoa
1. Haurra izateko eskubidea.
2. Askatasunean hazteko eskubidea.
3. Nortasun bat izateko eskubidea.
4. Osasuna izateko eskubidea.
5. Familia bat izateko eskubidea.
6. Hezkuntza bat izateko eskubidea.
7. Babesa eta laguntza jasotzeko eskubidea.
8. Tratu txarrik ez jasotzeko eskubidea.
9. Baztertua ez izateko eskubidea.
10. Jolasteko eskubidea.