Legazpiko zabor bilketari buruzko herri galdeketa urtarrilaren 24an izango da
Koldobike Olabide alkateak gaur sinatu du galdeketaren deialdia. Galdeketa urtarrilaren 24an egingo dute. Legazpiarrei edukiontziak ala atez atekoa nahi duten galdetuko diete. 1998ko urtarrilaren 24an edo lehenago jaio eta azaroaren 25a baino lehenagotik Legazpin erroldatuta daudenek bozkatu ahal izango dute. Udal taldeek urtarrilaren 8tik 22ra egingo dute informazio kanpaina.
Urtarrilaren 24an bozkatu ezin dutenek, aurretiaz bozkatzeko aukera dute. Urtarrilaren 15etik 21era eman beharko dute botoa, udaletxean. Pertsona ezinduek egun horietan aurkeztu behar dute medikuaren agiria. Galdeketaren egunean, mahai buruak beraien etxeetatik pasako dira botoak jasotzera.