Monoaleta erakustaldiarekin hasiko da AbendURA kirol programa, larunbatean
Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa abenduaren 29an egingo dute, Majori kiroldegian. Proba horren inguruan, ordea, beste hainbat erakustaldi eta igeriketa saio antolatu dituzte AbendURA egitasmoaren barruan. Horien artean, waterpoloa, aleta bakarreko igeriketa edota igeriketa sinkronizatua ikusteko aukera izango da Ordizian bertan.
Egitasmo honen bidez, «igeriketa eta uretako kirolak herritarrei gerturatzeko» asmoa du Ordiziako Igeriketa Elkarteak. Larunbat honetan egingo dute aurreneko saioa. Monoaleta edo aleta bakarreko igeriketa erakustaldia egingo dute, 15:00etan hasita. Datorren asteburuan berriz, hilaren 20an, Euskal Herriko waterpolo selekzioaren teknifikazio saioa ikusteko aukera izango da. Horrekin batera, Euskal Herriko igeriketa sinkronizatuko talde guztiek erakustaldia egingo dute.
Nazioarteko Txapelketa
Euskal Herri mailan egiten den igeriketa proba nagusietakoa da Ordiziakoa. Aurten 33. urtea beteko du, eta nazioarte mailako 200 igerilari inguru bilduko dira bertan. Euskal Herriko selekzioak ere parte hartuko du bertan, eta bezperatik kontzentrazioa egingo dute Ordizian.
Aurten ezinduen igeriketari ere bultzada eman nahi diote, eta Euskal Herriko igerilariak ez ezik, maila honetan aritzen diren Espainiar Estatuko hainbat klubetako igerilariak ere etorriko dira abenduaren 29ko probara.
EGITARAUA: · Abenduak 12, larunbata. 15:00etan, urpekoen klubetako estatu mailako ligako 2. jardunaldia. · Abenduak 20, igandea. 15:00etan, Euskal Herriko waterpolo selekzioaren teknifikazio saioa. · Abenduak 20, igandea. 17:00etan, igeriketa sinkronizatuko erakustaldia. · Abenduak 29, asteartea. 10:00etan, Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa. Finalak 18:30ean.