Eguerdian egingo dute ekitaldia, eta ondoren Guraso Elkarteko, gaztelekuko eta gaztetxekoen artean jolasak egingo dituzte. Iluntzean, kontzertuak izango dira.Larunbatean inauguratuko dute Segurako gazte asanbladakoek Kukurruku gaztetxe berria. Festa eg...
Eguerdian egingo dute ekitaldia, eta ondoren Guraso Elkarteko, gaztelekuko eta gaztetxekoen artean jolasak egingo dituzte. Iluntzean, kontzertuak izango dira.
Larunbatean inauguratuko dute Segurako gazte asanbladakoek
Kukurruku gaztetxe berria. Festa egunerako ate irekiak, bertsolariek alaituriko herri bazkaria, jolasak, eta kontzertuak antolatu dituzte.
Duela hiru urte inguru hasi zuen bere ibilbidea gazte asanbladak. Hasiera batean Mediku etxeko gela txiki batean egoten ziren, eta bertan egiten zituzten bilerak. Ez zen, ordea, lokal handia, eta ekintzak-eta antolatzeko ez zen egokiena. Duela bi urte, baina, lokala lortu zuten. Segurako Udalak utzi die asanbladakoei lokala; lehen Eskola txikiarena zen. Bertan bi urte daramatzaten arren, bidea ez da erraza izan. Izan ere, udalak lokala utzi zieten, baina beharrezko pauso guztiak eman behar izan dituzte gaztetxea ireki ahal izateko; elkarte bezala erregistratu dira aurrera begira inolako arazorik ez izateko. Orain, beraz, badute ekintzak antolatu eta bilerak egiteko lekua. Bi solairu ditu
Kukurruku gaztetxeak; beheko solairuan daude komuna, barra eta gela handi bat (kontzertuak eman ahalko dira bertan), eta goikoan, berriz, liburutegi txiki bat eta tailerrak zein bilerak egiteko lekua.
Udalak lokala utzi arren, argi dute jarraitu nahi duten bidea autogestioarena dela. Oraindik ere ez dira gai bide horri heltzeko, baina aurrera begira hori izango da segituko duten lerroa.
Inaugurazioa eta jolasak
Eguerdian egingo dute gaztetxearen inaugurazio ofiziala eta inguratzen direnek gaztetxea ikusteko aukera ere izango dute, egingo duten ate irekien saioan.
Ondoren, Guraso Elkartekoak, gaztelekukoak (16 urte bitartean egoten dira gazteak bertan) eta gaztetxekoak elkarren aurka lehiatuko dira egingo dituzten jolasetan. Jolas horiek zeintzuk diren egunean bertan argituko dute, sorpresa baita.
Herri bazkaria egingo dute jolasen ostean. Elektropoteoak hartuko du lekukoa gero, eta herriko kaleak alaituko ditu musikarekin. Gauean, ordea, ez da festa amaituko. Ogitartekoak izango dira afaltzeko, eta ondoren, frontoiko taula gainera igoko dira Alerta gorria, Gureran, Egurra ta Kitto eta Dj Mo taldeak.
Etiketarik gabe
Gaztetxearen inaugurazio egunerako txukuntzen dabiltza bertako kideak. Paretak pintatu, marrazkiak egin, eta guztia txukun jartzen ari dira. Ekintza ugari egin izan dituzte orain arte asanbladakoek, eta aurrera begira ere hori egiteko asmoa dute; gaztetxe bizi bat izan nahi dute.
«Helburua urte guztian zehar ekitaldiak egitea da», azaldu du Lander Ugalde
Kukurruku gaztetxeko kideak. Izan ere, askotan gaztetxea gazteak egoteko lekua bezala ulertzen da, baina ez dute adin mugarik jarri nahi, eta adin guztietako jendea ongietorria izango dela azaldu du. «Adin guztietako jendearentzat ekintzak antolatzen saiatuko gara», gaineratu du. Esaterako, buruan dute sendabelarren inguruko tailer bat egitea, eta musikarekin loturikoa ere ari dira egiten: txalaparta ikastaroa.
Bestalde, «elkarlana» nabarmendu du gaztetxeko kideak; edozein ideologia izanda ere, lekua izango dutela guztiek gaztetxean: «Herri guztiarentzako lekua izango da, ez ideologia zehatz bat dutenentzat bakarrik». Horrela, Segurako herritar guztiei egin diete gonbita inauguraziora eta ate irekietara azaltzeko, baina baita egiten dituzten bilera eta ekintzetan parte hartzeko ere.