Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatuko dute igandean, Oiangun
Txindoki taldeak antolatuta, Gipuzkoako Kros Txapelketa egingo dute igandean, Oianguren parkean .Federatu mailako nahiz eskola arteko 400 atleta ariko dira, 11 probatan banatuta
Oianguren parkea Gipuzkoako atleta onenen bilgune izango da igandean; izan ere, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta, korrikalari federatuen Gipuzkoako Kros Txapelketa egingo dute bertan. Goizeko 10:00etan hasita, eskola arteko 6 proba eta federatu mailako beste bost jokatuko dituzte. Senior mailako lasterketa, eguerdian izango da. Guztira, federatu mailako 220 bat kirolari eta eskola mailako beste horrenbeste biltzea espero dute. Txindoki taldea aspalditik ari zen mota honetako proba bat Oiangun antolatu nahian. Federazioak urtero klub bati ematen dio proba hau antolatzeko ardura, eta Txindoki kros mailan beti aurrean aritzen dela kontuan izanda, aurten beraiei egokitu zaie. Angel Perezek azaldu duenez, «orain arte Lazkaon antolatu izan ditugu, Ordizian toki egokirik ez genuelako. Baina orain Oiangu txukun dagoenez eta zirkuito polita osatzeko aukera dagoela ikusita, bertan egitea erabaki dugu». Proba honekin «Oianguko zirkuitua ezagutarazi» nahi du taldeak; izan ere, 90eko hamarkadan egiten ziren antzeko probak, baina azken urteetako gorabeherak direla medio, utzita egon dira. Gainera, Ordizian egonagatik, «goierritar guztientzako leku berezia» dela dio Perezek, eta zentzu horretan, hemendik aurrera kros probetarako puntu garrantzitsua bihur daitekeela uste du. Ibilbideari dagokionean, hiru zirkuitu prestatu dituzte, denak ere, Oianguko tabernaren atzeko zelaian hasi eta bukatuta. Itzuli txikiak 960 metroko luzera du, eta handienak 2 kilometrokoa. Azken hau, Oianguren parkean eta basoan barrena ere ibiliko da. Faborito, etxekoak Gipuzkoa mailako atletismo talde guztiak daude gonbidatuta, tartean Txindoki eta Goierri Garaia taldeetakoak. Faboritoei buruz galdetuta, etxekoetatik hasi da Perez. Eneko Agirrezabal (Txindoki), Ander Sagarzazu (Goierri Garaia), Ignacio Tanco (Real Sociedad) eta Pedro Muñoz (Xeye) aipatu ditu gizonezkoetan. Emakumezkoetan berriz, Ainhoa Sanz eta Lurdes Oiartzabal (G. Garaia), Maria Ibañez eta Maider Unanue (Txindoki) edota Nerea Sarriegi (S. Amara) dira hautagai nagusiak.