Movember kanpainarekin 8.000 eurotik gora bildu dituzte Ordizian
Prostatako minbiziaren inguruan kontzientzia zabaltzeko Movember kanpainak harrera beroa izan du Ordizian, aurten ere. Azaroan zehar ekintza sorta egin dute, eta guztira, 8.123 euro biltzea lortu dute, iazko kopuruaren bikoitza ia. Hala, Ordizia MoTown, estatu mailako talde guztien raking-ean laugarren gelditu da, diru bilketari dagokionean. Herrian ere, “kanpainaren eragina nabaritu” dela azaldu dute bultzatzaileek, baina baita herritik eta eskualdetik kanpo ere; izan ere, Euskal Herri mailako hedabideetan eta estatukoetan ere izan du oihartzuna egitasmoak.
Horri guztiari esker, “bibotea=movember=gizonezkoen osasuna” eskema gero eta ezagunagoa izatea lortzen ari direla azpimarratu dute. Hori bai, hemendik aurrera “norberari dagokio bere burua zaindu eta dagozkion osasun-frogak” egitea.
Diru bilketaz gain, hainbat ekintza izan zituzten pasa den asteburuan. Ordizian merkatari elkarteak antolatutako Miss eta Mr. Movember lehiaketa edota MoFesta esaterako. Azken hori, aurtengo Movember egitasmoari bukaera emateko jaialdia izan zen, eta bertan, besteak beste, taldeko argazkia atera zuten “bibotedun” guztiek. Xabi Alonsoren Bayern Municheko elastikoa ere zozkatu dute.