Datorren urtean berriz egingo dute Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizuna
Emaneurre taldeak jakinarazi duenez, 2016. urtean ere egingo dute Goierriko 7 Orduak kirol proba. Oraingoz askorik aurreratzerik ez badute ere, saioaren ardatz herri kirolak izango direla eta «marka saiakeraren bat» izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Proba berriren bat eta sorpresa gehiago ere izango dira.
Duela ia bi urte, 2014an, antolatu zuten ekitaldia aurrenekoz, arrakasta handiarekin. Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia zela eta Ordiziako hainbat elkarte eta eragileren artean Udaberrian Martxan egitaraua prestatu zuten. Emaneurrek ere bere ekarpena egin nahi izan zuen, «euskal kirola eta kultura ardatz» izango zituen ekitaldi batekin.
Kirol aldetik nahiz publiko aldetik «aurreikuspen guztiak» bete zituztela eta «arrakasta izugarria» izan zuela azaldu dute Emaneurre taldeko kideek. Hori ikusita, datorren urtean berriz egiteko helburua jarri diote beraien buruari. «Lanean gara berriro ere, duela 2 urtekoa hobetu asmoz, eta gutxienez, 7 orduko egitarau erakargarria eta sorpesaz betea prestatu nahian».
Datozen hilabeteetan emango dute ekitaldiaren inguruko berri eta xehetasun gehiago, baita dataren ingurukoak ere.