Eguzkitsu eta jendetsu
Eguraldi ona lagun, jende andana elkartu zen herenegun Urretxu eta Zumarragako kaleetan Santa Lutzi egunaz gozatzeko. 491 postu jarri dituzte aurten eta denetarik ikusteko eta erosteko aukera egon daSanta Lutzi eguna igandea tokatu da aurten eta egural...
Eguraldi ona lagun, jende andana elkartu zen herenegun Urretxu eta Zumarragako kaleetan Santa Lutzi egunaz gozatzeko. 491 postu jarri dituzte aurten eta denetarik ikusteko eta erosteko aukera egon da
Santa Lutzi eguna igandea tokatu da aurten eta eguraldiak lagunduz gero, argi zegoen jende andana elkartuko zela Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Eguzkiak ez zuen kale egin eta, hala, jendetza hurbildu zen. 100.000 lagun elkartu zirela esan zuten antolatzaileek.Eguna argitu aurreko protagonistak parrandazaleak eta lan egitera etorritakoak izan ziren. Goizeko 07:00etan mugimendu handia zegoen jada bi herrietako kaleetan: etxera itzultzeko gogorik ez zuten gazteak, beraien postuak muntatzen ari ziren saltzaileak, baserritarrak, udaltzainak…
Bisitariek lasai hartu zuten. Izan ere, igandea zen eta ez zegoen presarik. Goizeko lehen orduetan lasai ibiltzeko aukera egon zen, baina eguerditik aurrera Urdaneta kalean, Euskadi plazan, Soraluze kalean, Areizaga-Kalebarren plazan, Areizaga kalean eta Iparragirre kalean ibiltzea oso nekeza bihurtu zen.
Urteroko moduan, ganadua Zumarragako Urdaneta kalean egon zen. 409 abelburu egon ziren ikusgai eta salgai. Gehienak, zaldi abereak ziren, noski: Santa Lutzi feriako sinboloetako bat. 159 abere saldu zituzten.
106 moxal, 94 behor, 55 ahuntz, 49 zaldi, 40 poni, 39 asto, 24 pottoka eta bi mando ekarri zituzten. Salmentei dagokienez, 72 moxal, 26 behor, 20 ahuntz, 12 poni, 11 asto eta 10 pottoka saldu ziren.
Ganaduzaleentzat ez ezik, haurrentzat ere egun berezia da igandekoa. Guztiak abereak ukitzen eta beraiekin argazkiak ateratzen saiatu ziren. Traktoreekin ere asko gozatu zuten.
Baina Santa Lutzi ferian adin guztietakoek gozatzen dute. Izan ere, mundu guztiak aurkitzen du gustuko zer edo zer. Bazar txinatar handienean baina produktu gehiago egoten dira salgai. Igandean, 491 postu jarri zituzten.
Santa Lutzi egunean denetarik eros daiteke: arropa, osagarriak, zapatak, bitxiak, diskoak, janaria, ardoa, artisauen produktuak… Saltzaile asko inguruko herrietatik etortzen dira, baina beste batzuk urrutiagotik.
Saltzaileen iritzia
Alpes Pyrenees enpresako gazta saltzaileek Iparraldean lan egiten dute batik bat, baina Santa Lutzi feriara urtero etortzen dira. Urretxuko Gernikako Arbola plazan jarri zuten postua eta beraien gazta erraldoiek jendearen arreta piztu zuten. «Urtero etortzen gara Urretxu eta Zumarragara. Bi postu jartzen ditugu: herri bakoitzean bat. Oso feria ona da. Asko saltzen dugu. Izan ere, Alpeetako gaztak oso deigarriak dira: oso handiak dira, 40 kilo ingurukoak. Hemen ez zaudete ohituta halako gazta handiak ikustera. Frantziako gazta onenak dira», azaldu du Isabellek.
Alpeetan behi esnearekin egiten dituzte gaztak. «Frantzian, Pirinioetan bakarrik egiten dituzte gaztak ardi esnearekin. Alpeetan oso handiak egiten dituzte, denbora luzeagoan ondu ahal izateko. Gazta batzuk ontzen hiru urte ematen dituzte. Zaporea hartzen dute, baina ez dute garraztasunik hartzen».
Handik gertu, Naxeratik (Errioxa) etorritako bi anaia-arreba zeuden: Siria eta Denis Jimenez. Leondik ekarritako gaztak eta hestebeteak saltzen dituzte. «Bizitza osoa daramagu kale salmentan. Gure aitona hasi zen honetan. Berak urdaiazpikoak ekartzen zituen Santa Lutzi feriara. Oso feria ona da», esan zuten.
Dena ez da salerosketa, ordea, Santa Lutzi egunean. Musikak eta kirolak ere toki garrantzitsua edukitzen dute. Goizean zehar, trikitilariek, dultzaineroek, txistulariek eta musika bandek kaleak girotu zituzten.
Kirolari dagokionez, eguerdian herri kirol erakustaldia egon zen. Inaxio Perurenak harriak jaso zituen eta aizkoran hiru bikote aritu ziren. Iker Vicente eta Aratz Mugertza nagusitu ziren. Iñaki Azurmendi beasaindarra eta Xabier Zaldua zumarragarra bigarren sailkatu ziren.
Arratsaldean, pilota partidak egon ziren. Binakako txapelketari zegokion partidan, Artola eta Albisuk 22 eta 19 irabazi zieten Olaizola II.a eta Urrutikoetxeari. Albisu ataundarrak partida bikaina jokatu zuen. Lehen partidan, Aritz Lasak eta Urruzolak 13 eta 22 galdu zuten, Gorka eta Irustaren aurka. Idi probetan, Paulo Aranberriren bikotea nagusitu zen.
Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. «Tren guztiak jendez gainezka etorri ziren eta aparkaleku guztiak bete ziren. Gainera, postuetan salerosketa asko ikusi nituen eta ardo azokan, idi probetan eta pilota jaialdian jende asko elkartu zen. Tabernariak ere ez dira triste egongo. Eta ez zen ezer arrarorik gertatu. Dena primeran joan zen», aipatu zuen Jon Luqui Urretxuko alkateak.
Mikel Serrano Zumarragako alkatea ere gustura ageri da. «Ez dut halako Santa Lutzi egunik ezagutu. Paregabea izan zen, mundiala. Inoiz baino jende gehiago hurbildu zen, salmentak oso onak izan ziren eta ez zen inongo arazorik egon».