
Orain arte bizkarra emanda lan egiten zuten industria enpresek, orain batera lan egitea ahalbidetu du Goierrin Goieki garapen agentziak. Era horretan, merkatu berrietan eta goraka ari diren sektoreetan barneratzen ari dira Goierriko enpresak. Hori guztia posible egin du elkarlanak; eskualdeko enpresa traktoreek nazioartean duten esperientziak eta enpresa txikien laguntzak.
2008an abiatutako bideak emaitzak eman ditu dagoeneko. Eskualdeko 40 enpresa ari dira elkarlanaren bidetik aliantzak egin eta proiektu berriak sortzen. 25 proiekturekin ari dira lanean: 19 proiektu dagoeneko bukatuta eta martxan dira; sei, berriz, azterketa prozesuan daude.
Sortze prozesuan dauden sei proiektu horietako bat da Get Subsea. Lortek teknologia zentroarekin batera, Ampo, Irizar Forge, Talleres Juan Lasa eta Arri enpresak, itsaso hondora doazen metalezko pieza handien garapena hobetzeko zerbitzu osoa eskaintzen dute.
Datorren urtarrilaren bukaerako Goierriko enpresen katalogoa aurkeztuko dute.