
Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusia bete egin zen atzo, EH Bilduk antolatutako mahai-inguruaren harira. Marian Beitialarrangoitia eta Igone Lamarain Espainiako Kongresurako hautagaiak eta Larraitz Ugarte diputatu ohia aritu ziren berriketan.
Boterea eraikiz ala eskuratuz? lemapean egindako saioan, boterearen eta herritarrek bertan eragiteko moduen inguruan hausnartu zuten.
Marian Beitialarrangoitia Kongresurako zerrendaburuak azaldu zuenez, EH Bildun garbi dute “boterea ez dela instituzioak eskuratzean oinarritzen, boterea herritarren gehiengoak eraikitzen duen zerbait” dela. Horregatik, boterea “herritarrak ahalduntzean” oinarritzen dela uste du. Zentzu horretan, “ahalduntzean sakondu eta erabakitzeko eskidea praktikara eramatearen aldeko apustua” egiten dutela dio. “Hori ezinbestekoa da bizi ditugun ezberdintasunak bukatzeko, eredu ekonomiko justu eta iraunkorra ezartzeko, politika inposatzaileekin amaitzeko eta herri honek bakean bizi ahal izateko”.
EH Bilduko hautagaiaren ustez, instituzioak “herritarren behar eta nahiei erantzuteko tresna” izan behar dute. Hala, “hemen, Euskal Herrian, hartutako erabakiak Madrilen errespetarazi” egingo dituztela azaldu zuen. Horretarako, “EH Bilduren baitan gipuzkoar gehiengoon indarra” biltzeko gonbitea egin zien herritarrei.