Gesalaga etxeak irabazi du Euskadiko txistor txapelketa, Ordizian
Gipuzkoako eta Nafarroako 46 harakinek aurkeztutako txistorrak probatu eta epaitu dituzte, gaur, Ordizian. Asteroko azokarekin bat eginez, Euskadiko 18. Txistor Txapelketa ere jokatu da, udaletxeko arkupean. Partaideen artean Goierriko 15 txistorgileren hestebeteak zeuden; horietako bat iritsi da zortziko finalera.
Txapela eta lehenengo saria Zarauzko Gesalaga jaki prestatuen etxeak irabazi du. Bigarren Tolosako Muñagorri harategia geratu da, eta hirugarren Aiako Txarri Txiki. Denera bost sari bereizi dituzte. Laugarrena Segurako Ondarre harategiak jaso du, eta bosgarrena Oiartzungo Etxekoak Hestebeteak etxeak.
Epaile lanetan hamabi lagun aritu dira. Sukaldarien artean, Jose Juan Castillo, Juan Manuel Garmendia, Joxean Eizmendi, Aizpea Oihaneder, Eneko Azurmendi, Iker Markinez, Roberto Ruiz; harakin izandako Joxantonio Mujika eta Garmendia ere han ziren, baita Euskal Gastronomia Elkarteko Luis Mokoroa eta Sonia Tapia aholkulari gastronomikoa ere.
Goierrikoen artean, Beasaingo eta Ordiziako launa harategik, Zumarragako bik, eta Ataun, Ormaiztegi, Segura eta Zegamako banak parte hartu dute.