Ampo Ordiziak derbia jokatuko du bihar, Getxorekin
Ampo Ordiziak eta Getxo Arteak derbia jokatuko dute larunbat honetan. Azken partida etxean irabazi eta gero, animoz beteta daude ordiziarrak. Bigarren itzuliko lehen partida izango da, eta sailkapenean paretsu dabiltza bi taldeak, Ampo Ordizia 7. postuan dago, eta Getxo Artea 8.ean. Talde bizkaitarrak hasera txarra eman zion denboraldiari, baina behetik gora egin du, eta Santboiana bezalako taldeen kontra irabazi eta gero, kontuan hartzeko moduko arerioa izango da. Ampok, gainera, bi baja garrantzitsu izango ditu biharko partidarako, Iñaki Lario eta Mikel Aizpurua azken partidan izandako kolpeetatik errekuperatzen ari baitira.
Neurketa ezohiko egun eta ordutegian izango da, larunbatez jokatuko baitute, 16:00etan hasita, Altamira zelaian. Atsedenaldian, Goierriko eskolen arteko Rugby7-ko finalak jokatuko dituzte.