Kulturgintzaren erakusleiho
Goierriko bost herritan egingo diren liburu eta disko azokak dira bertako kultur eskaintzaren erakusleiho onena.
Euskal Herriko kultur ekoizpenaren ispilu izaten dira ...
Goierriko bost herritan egingo diren liburu eta disko azokak dira bertako kultur eskaintzaren erakusleiho onena.
Euskal Herriko kultur ekoizpenaren ispilu izaten dira liburu eta disko azokak. Durangokoaren ondoren, herrietako azoketara zabaltzen da eskaintza, eta hor, argitaletxe handien ekoizpenak ez ezik, toki berezia hartzen dute eskualde nahiz herri mailan egindako argitalpenek ere. Askotan, egileak bertan direla aurkeztuko dituzte beraien lanak. Eta irakurle nahiz jarraitzaileek ere, egileekin zuzeneko harremana izateko aukera ona dute.
Azken urteetan hasitako bideari jarraiki, aurten ere eskutik datoz Goierriko bost liburu eta disko azokak, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan. Ataungoa, esaterako, asteburu honetan egingo dute. Urtez urte herriko auzo batean antolatzen dute, txandatuz, eta aurten San Gregorion bilduko dira.
Gainontzeko laurak, Beasaingoa, Lazkaokoa, Ordiziakoa eta Segurakoa, hilaren 18tik 20ra bitartean egingo dituzte. Denetan ere, euskarazko kultur ekoizpenak deskontuekin lortzeko aukera izango da.
Bertako eskaintza, oparo
Egile eta emari aldetik, kulturgintza mailan lurralde aberatsa izan da Goierri betidanik. Eta aurtengoa ere, ez da salbuespena izango. Literatur arloan ibilbide luzeko hainbat egilek argitaratu dituzte lanak; horien artean daude Xabier Mendiguren, Aintxiñe Mendizabal, Patxi Zubizarreta eta Tere Irastortza. Aurreneko hirurek, haur literaturaren aldeko apustua egin dute; Irastortzak berriz, poesiaren bidetik jarraitu du. Horiekin batera, idazle gazteagoek ere eman dute literaturaren plazarako jauzia, tartean Irati Goikoetxeak edota Maider Agirrek.
Literaturaz gain, aipatzeko modukoa da aurten ikerlanen arloan egin den argitalpen sorta. Memoria historikoari tiraka, nahiz Goierriko hainbat herriren 400. urtemuga dela eta, hainbat herritan atera dituzte liburuak. Irakaskuntza eta ikastolen inguruko lanek, Legazpiko zepadien ikerlanak eta Jose Mujica Uruguayko presidente ohiaren jatorriari buruzkoak osatzen dute arlo honetako eskaintza.
Musika aldetik ere badute zeresana Goierriko egileek. Fiachras, Klak!son, Colapso, Taupada, The Northaguirres eta Northern Pride talde goierritarrek diskoak argitaratu dituzte; baita Elustondo eta Imuntzo eta Beloki trikitilari bikoteek ere. Goierriko artisten parte-hartzea duten beste lan batzuek ere ikusi dute aurten argia, tartean Aitzol Barandiaran ataundarraren Bi Bala taldeak, Pello Ramirez ordiziarraren Alos Quartet laukoteak, Vierbu gitarrajole legorretarraren Ze esatek? taldeak edota Aitor Furundarena soinu joleak, Garikoitz Mendizabalekin batera argitaratu duen lanarekin. Bertako ekoizpena ez bada ere, aipamen berezia merezi du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen azken lanak, izan ere, Joxean Ormazabal zenaren testuekin osatu dute bi diskoetako bat. Grabaketan ere, Ordiziako eta Zaldibiako umeek parte hartu dute.
Ikus-entzunezkoen arloa ere oparoa izan da aurten, Goierriko egileek hainbat lan egin baitituzte, horietako gehienak, dokumental moduan landuak. Horietako bat da igande honetan aurkeztuko duten Jostunak, Beasaingo jostun eta joskinen kontuak biltzen duen lana. Seguraren eta Zegamaren historia jasotzen duten dokumental bana ere aurkeztu dituzte. Zinearen arloan berriz, aurtengo ezustekoa izan den Euskal Harriaren ABDak lana aipatu behar da. Jasotzen dituen 26 laburmetraietatik lau Goierriko egileenak baitira.
Goierriko kultur ekoizpena:
LITERATURA
· Aintxiñe Mendizabal. ‘Ama gaiztoaren ipuina’.
· Ana Gisasola. ‘La fuerza esta en tu interior’.
· Irati Goikoetxea. ‘Andraizea’.
· Maider Agirre. ‘Bihotzero’.
· Mari Romero. ‘La casa de la buhardilla’.
· Patxi Zubizarreta. ‘Laranja bat zaborretan’.
· Tere Irastortza. ‘Mundua betetzen zenuten’.
· Xabier Mendiguren. ‘Puzkertin eta Hiru Sopranoak’.
IKERKETA
· Angel Irigoras. ‘Zegama, 400 urte baino gehiago’.
· Jose Antonio Azpiazu. ‘Y los vascos se echaron al mar’.
· Jose Luis Ugarte eta Mertxe Urteaga. ‘Erdi Aroko burdin arkeologia. Legazpi barrutiko zepadiak’.
· Josetxo Zufiaurre. ‘Beasaingo Paperak: Irakaskuntza Beasainen’
· Legorretako Oroimen Historiko taldea. ‘Orratzak baino hariak luzeago behar du izan’.
· Mikel Prieto. ‘Jose Mujica Cordanoren euskal familia XVI-XIX. mendeetan’.
· Ordiziako Udala. ‘Ordiziako Santanazaleak’.
· Pello Joxe Aranburu eta Joxe Mari Apaolaza. ‘Jaxinto, Ikastolen lemazain’.
GAIKAKOAK
· Jakoba Errekondo. Bizi baratzea.
· Goierriko Hedabideak. ‘Ahogozagarri’.
DISKOAK
· Aitor Furundarena eta Garikoitz Mendizabal. ‘2 poliedro’.
· Alos Quartet. ‘Garden’.
· Bi bala. ‘Gure eroyak’.
· Colapso. ‘Gizakiaren bukaera’.
· Elustondo. ‘Elustondo’.
· Imuntzo eta Beloki. ‘Egurre!’.
· Fiachras. ‘Amnesia eta argia’.
· Klak!son. ‘Denboraleak’.
· Northern Pride. ‘Barnetik’.
· Taupada. ‘Zeren zain’.
· The Northaguirres. ‘Down to the highway’
· Ze esatek. ‘Inoiz egin dugun diskorik onena’.
IKUS-ENTZUNEZKOAK
· ‘36ko Gerra Ormaiztegin’. Elixabete Garmendia.
· ‘Behi aziendak’. Lekaio kultur elkartea.
· ‘Bidean galdutako izana eta izena. Erraztiolatza-Segura 1256’. Plaza Zaharreko Lagunak.
· ‘Euskal Harriaren ABDak’. Askoren artean (laburmetraiak).
· ‘Hurrengo geltokia’. Legorretako Memoria Historikoa taldea.
· ‘Isidro Baztarrika’. Arin-Baztarrika sendia.
· ‘Jostunak’. Mikel Alvarez.
· ‘Zegama, 400 urte herri sortu zinela’. Joxe Mari Artola.
· ‘Notas en movimiento’. Oscar Tejedor.